Mundua

Itzalpeko negozioa

AEBetan, bi milioi lagunetik gora giltzapean bizi dira, beste inon baino gehiago. Estatuaren menpeko kartzeletan daude preso gehienak, baina enpresa pribatuek kudeatutakoetan beste hainbat. Negozio sektore oparoa dira han espetxeak.  

Ainhoa Sarasola.
2013ko apirilaren 28a
10:38
Entzun

Kriminalak pertsona ondradu bihurtu beharrean, kriminal gehiago fabrikatzeko edo krimenean are gehiago murgilarazteko baino ez du balio kartzelak. Orduan, beti bezala, boterearen mekanismoan oztopo bat zenaren erabilpen estrategiko bat gertatu da. Espetxeak gaizkileak fabrikatzen ditu, baina gaizkileak, azken batean, baliagarriak dira eremu ekonomikoan eta politikoan. Gaizkileak erabilgarriak dira". Michel Foucault pentsalari frantsesaren aspaldiko hitzak dira, baina ez dute gaurkotasunik batere galdu. Aspaldi iritsi ziren ondorio berberetara AEBetan, eta espetxeak pribatizatzeko bideari ekin zioten han orain hiru hamarkada. Presoak erabilgarri bihurtu zituzten horrela: negozio bilakatu zituzten.

Ez nolanahikoa, gainera. Ez alferrik, munduan preso kopururik handiena duen herrialdea dira AEBak, Txinaren eta Errusiaren oso aurretik. AEBetako Justizia Departamentuaren datuen arabera, 2008. urtean, 2,3 milioi lagunetik gora zituzten giltzapean, munduko beste edozein herrialde industrializaturen aldean bost eta zortzi bider artean gehiago —Txina, adibidez, lau aldiz populazio gehiago izanda ere, bigarren postuan da zerrenda horretan, 1,6 milioi giltzapeturekin—. 100.000 biztanleko 762 preso zeudela esan nahi du kopuru horrek —Erresuma Batuan tasa 152 biztanlekoa da, adibidez, eta Kanadan, berriz, 108koa—. AEBetan duela hogei urte zegoen preso kopurua seikoiztu egin dela ere adierazten du datuak. Preso gehien duten estatuen zerrendan, Texas, Kalifornia eta Florida zeuden buruan urte hartan —denak hegoaldean, eta lehen biak Mexikorekin mugan—. Badirudi azken bi urteotan datuek beherako joera hartu dutela, baina goizegi izan liteke mugimendu hori egonkorra ote den jakiteko, orain arte urtero emendatu baita espetxeratuen kopurua.   

Urtero, 10 milioi lagunek zeharkatzen dute AEBetako espetxeren bateko atea, norabide batean zein bestean. Eta jendetza hori ez ezik, dirutza ere mugitzen du kartzela sistemak han. Izan ere, espetxe publikoak, estatuaren menpekoak oraindik nagusi diren arren, badira erabat pribatuak diren hainbat presondegi. Azken hogei urtean, 3.000tik gora espetxe eraiki dituzte, eta horietako  asko dira pribatuak.  

Oraindik ere, gutxiengo bat dira esku pribatuek kudeatutako eta administrazioak azpikontratatutako kartzela pribatuak, eta presoen gutxiengo bat dago haietan. AEBetako Justizia Estatistika Bulegoaren arabera, 2011n apur bat handitu zen kartzela pribatuetan dauden presoen kopurua aurreko urtearen aldean, eta presoen %6,7 halako espetxeetan giltzapetuta zeuden. Gorantz doaz kopuruak, eta negozio itzela bihurtu da hainbat enpresarentzat, negozio sektore berri bat izateraino. Estatuak, enpresen arabera, dirua aurreztea lortzen du espetxeak pribatizatuta. Enpresa pribatuek, berriz, preso bakoitzeko diru kopuru jakin bat jasotzen dute administrazioaren eskutik —preso eta eguneko 160 dolar, batez beste—.

Pribatizazioaren aldekoen argudiorik sendoenetako bat da preso kopuruak gora egin duela eta kartzelak masifikatuta daudela. Eredu horren aldekoek diote estatuak ezin dituela eraiki behar dituen kartzela berri guztiak, eta, horregatik, zeregin hori esku pribatuen ardurapean uztea dela egokiena. Aurkariek, berriz, errotik salatzen dute eredu pribatizatzailea, argudiatuta ez dela zilegi giltzapean direnen kontura etekin ekonomikoa lortzea.

Bi handi eta txiki asko  

80ko urteetan zabaldu ziren lehen kartzela pribatuak AEBetan, Ronald Reagan presidente zen garaian. Urte haietan, gorantz zihoan preso kopurua —segurtasuna areagotzeko eta drogen aurka egiteko politiken harira, batez ere—, eta konpainia pribatu batek espetxe bat kudeatzeko lehen kontratua sinatu zen. CCA Correction Corporation of America konpainiak 1983. urtean zabaldu zuen bere lehen kartzela. Espetxe pribatuen diseinuan, eraikuntzan, kudeaketan eta presoen lekualdatzeetan espezializatutako enpresatzat aurkezten du bere burua konpainiak, kartzela batek behar dituen zerbitzu guztiak eskaintzen dituena. Espetxe pribatuen sektoreko liderra da. Hamasei estatutan, 60 presondegi kudeatzen ditu egun, 80.000 preso hartzen dituztenak, eta 17.000 langile ditu. Burtsan kotizatzen du, eta AEBetako "konpainia handietatik hoberenen artean" aipatu izan du Forbes aldizkariak. Hain zuzen, 2011n, 1.729,2 milioi dolar fakturatu zituen.

GEO Group konpainia da negozio horretako enpresa handienetan bigarrena. Egun, 96 espetxe kudeatzen ditu, 72.000 presorentzako lekua dutenak, eta 18.000 langilek osatzen dute lantaldea. 1984. urtetik dabil negozioan, eta, AEBetan ez ezik, Erresuma Batura, Australiara eta Hegoafrikara ere zabaldu da urteotan. Burtsan kotizatzen du horrek ere, eta, 2011n, 1.600 milioi dolar fakturatu zituen.

Baina bi handi horiekin batera, beste enpresa txiki ugarik ere bideratu dute euren negozioa espetxe pribatuen sektorera. Hiri baten behar guztiak ase behar ditu kartzelak, hasi azpiegituretatik eta janaria, arropa, segurtasun baliabideak eta eguneroko bizitzako beste hainbat zerbitzuak emateraino. Zerbitzu eta produktu espezializatu horiek eskaintzen dituzten enpresa ugari sortu dira. Azokak ere egin izan dituzte, espetxeetako arduradunei beren produktuak aurkezteko —presozainen arropak eta armak, aulki bereziak, identifikazio eskumuturrekoak, segurtasun sistemak eta beste hamaika gai— eta kontratuak lotzeko. Negozioa borobiltzeko, ezin da ahaztu hainbat estatutan presoak lan egitera derrigortuta daudela eta horren kudeaketan beste enpresa askok ere parte hartzen dutela.

Etorkinak eta gazteak, espetxeentzat bazka

CCA eta GEO Group konpainiek, biek batera, 3.000 milioi dolarreko fakturazioa lortu zuten iaz, eta, urteotan, haien etekinak emendatu baino ez dira egin; 2005etik hona bereziki, George W. Bushen administrazioak muga legez kanpo zeharkatzen zuten etorkinak atxilotzeko araudia gogortu zuenetik. Bide beretik jarraitu du orain arte Barack Obamaren gobernuak ere, eta, presoen kopuruak gora egitearekin batera, enpresen etekinak handituz joan dira. Aipatzekoa da 2010ean atxilotutako etorkinen %47 espetxe pribatuetan kartzelatu zituztela, Detention Watch Network erakundearen arabera.

Agerikoa da bi enpresa horientzat irabazi handiagoak lortzeko gakoa preso kopurua handitzean dagoela. Legeak gogortuz gero, legez zigor daitezkeen delitugile gehiago eta, beraz, preso gehiago egongo direnez, ez da zaila ondorioztatzea enpresa horiek zer iruditzen zaien legeak gogortzea. Immigrazio politiken eztabaidan publikoki nahastu nahi ez dutela dioten arren, kontua da bi konpainiek dirutza inbertitzen dutela lobby-etan, legeak gogortze aldera politikariengan eragiteko. Open Secrets eta Sunlight Foundation erakundeen datuen arabera, 2011n eta 2012an bakarrik, CCAk 1,8 milioi dolar inbertitu zituen lobby-etan —2005ean eta 2006an, 5 milioi izan ziren— ; GEO Group-ek, berriz, ia 900.000 dolar gastatu zituen horretan epe berean.

Giza eskubideen aldeko eragile ugari agertu dira espetxe sistema pribatuaren aurka. Immigrazioa enpresa pribatuentzat "merkatu ona" dela gogorarazi du Emilie Tuckerrek, Detention Watch Network-eko politiken zuzendariak, hala esaten dietela enpresek beren inbertitzaileei. "Dirua aurrezten duela ziurtatuz justifikatzen ditu gobernuak kontratu horiek, baina ez dugu horren frogarik, eta eragile pribatuen esku hartzeak interes partikularrak egotea dakar. Horrek kezkatu egiten gaitu".
Ez da kezka bera duen erakunde bakarra. Grassroots Leadership elkarteak urteak daramatza kartzela pribatuen aurka borrokan. "Uste dugu inork ez lukeela etekinik atera behar pertsonak espetxeratuz", adierazi du Bob Libalek, erakundeko zuzendariak. "Korporazioek interes handia dute kartzelatze tasa handiak izan eta etorkinen atxiloketei eusteko; hori sustatzen dute pizgarri okerrek". Pribatizazioen kalteez ohartarazi du talde horrek, eta nabarmendu du CCA eta GEO Group direla onuradun nagusiak. "Enpresa horientzat, preso bakoitza irabazi iturri bat da; krimen bakoitza, negozio aukera bat, eta gizarteratzea, negozioarentzat kaltegarria". Libalen hitzetan, konpainia pribatuek "milaka milioi dolarren irabaziak lortzen dituzte atxiloketa eta kartzelatze masiboekin".

Txanponaren beste aldean, kaltetu nagusien artean presoak eurak daudela dio Libalek, eta, bereziki, etorkinen zentroetan dauden 34.000 lagunak. Gainera, salatu du espetxe pribatuetan lan egiten duten presoek espetxe publikoetan daudenek baino soldata urriagoak jasotzen dituztela,  eta prestakuntza gutxiago. Kartzelatze masiboaren ereduak, gainera, herritar guztientzat izugarrizko kostua dakarrela dio.

Gizarteratzearen edo kartzelaren ordezko alternatiben alde lanean ari diren beste elkarte askok salatu dute sistema pribatuak presoak kartzelan denbora gehiago edukitzea sustatzen duela ezinbestean. Hautsak harrotu zituen kasu bat izan daiteke horren lekuko: 2009an, bi epaile zigortu zituzten Pennsylvanian, adingabeak espetxe pribatuetara bidaltzeko eskupekoak jasotzeagatik. Bi epaile horiek 2.000 adingabe espetxera bidali zituzten, 2,6 milioi dolarren truke; gazte horien delituetako batzuk izan ziren, besteak beste, lagun batekin liskarra izatea, eskolako zuzendariaren parodia bat webgune batean jartzea edota amari autoan marra bat egitea. Kasu hartan, argi geratu zen etorkinekin batera gazteek pairatzen dituztela gogorrenik politika horien ondorioak.

Gainera, gero eta salaketa gehiago daude presoek kartzela pribatuetan jasotzen duten tratuagatik, eta elkarteek diote horrek zigorrak luzatzeko estrategia baten antz handiegia duela.

Desinbertsio kanpaina

AEBetako sindikatu eta tokian tokiko elkarteen borrokak sustatzeko eta eragileen elkarlana bultzatzeko asmoz sortu zen Enlace izeneko egitasmoa, 1998an. Hasieran soldata urria jasotzen zuten langileen alde lan egiteko sortu bazen ere, askotariko borrokak lantzen ditu egun, eta auzi batek hainbat elkarteri eragiten badie, elkarlanean jarduten dute eragileek. Horrela jarri zuten martxan espetxe pribatuen aurkako kanpaina. Ez da bakarra, baina horrek lortu du oihartzunik handiena, eta kartzela pribatuetan desinbertitzera deitzen du.

Enlacen bildutako eragileek bat egin dute erakunde pribatuei eskaera argia helarazteko: "Bestearen minaren kontura inbertitzea gizagabea" izanik, CCA eta GEO Group konpainietan dituzten akzioak desinberti ditzatela. Orain arte, ehundik gora eragilek bat egin dute kanpainarekin; tartean, etorkinen eskubideen aldeko talde ugarik. Izan ere, Enlaceko eragileek salatu dutenez, "etorkinen aurkako legeak, Arizonako eta Georgiako estatuetako araudiak esaterako, ez dira soilik arrazakeriaren ondorio; diru gosearen ondorio ere badira". Haien ustez, komunitate jakin batzuk "kriminalizatzea eta kartzelatzea negozio ikaragarria" da egun. Gainera, txarretsi egin dute gobernua gizarte zerbitzuetarako dirua murrizten ari den aldi berean presondegi berriak eraikitzea.

"Espetxe pribatuen inguruko konpainiek, CCA eta GEO Group-ek adibidez, politikariengan eragin dute komunitateak kriminalizatzeko eta, hala, kartzeletako preso kopurua handituz irabazi gehiago lortzeko". Elkarteek diote horretarako GEO Groupek 2003 eta 2011 bitartean 17 estatutan 72 lobby kontratatu zituela eta 400 hautagairen kanpaina politikoak sostengatu zituela. Hala, konpainia horietako akziodun diren beste enpresei eskatu diete beren dirua haietatik ateratzeko.

AEBetako hiri nagusietan, manifestazioak, akziodunen batzarren kanpoaldean elkarretaratzeak eta beste hamaika ekitaldi egin dituzte, 2011ko maiatzean martxan jarri zutenetik. Langileak, erretiratuak, ikasleak, ekologistak... dozenaka kolektibo batu zaizkie, eta kanpaina hasi da fruituak ematen. Esaterako, Eliza metodista batuak, herrialdeko pentsio funtsik handienetakoa duenak, bere akzioak desinbertitu zituen iaz.

Krisi ekonomikoa, immigrazio politikan iragarririko erreformak, preso kopurua apurka gutxitzeko joeraren bilakaera... Espetxe pribatuen etorkizunean eragina izango duten aldagai ugari daude jokoan. Egoera aldatu ezean, gutxi batzuentzat presoak erabilgarri izango dira gerora ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.