Izarretako gerra

Misil-jaurtigailuak eta radarrak jarri nahi dituzte AEBek Europan, nazioarteko defentsa sistema bat sortzeko asmoz; EBko sozialistak eta Errusia, baina, horren kontra daude.

arantxa elizegi egilegor
2007ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Izarretako gerraren semea du izena. Ez da, baina, George Lucasen film berria. Washingtonek sortu asmo duen nazioarteko defentsa sistema da. AEBetako presidente izandako Ronald Reaganek proposatutako defentsa sisteman oinarritua dagoelako jaso du izen hori. Haren egitasmoa Izarretako gerra deitzen zen, eta espazioan misilak detektatzeko eta haiek suntsitzeko sistemak jartzea zuen xede. George Bushen planak sinpleagoak dira. Ekialdetik -Irandik zehazki-etor daitezkeen arriskuetatik babestu nahi ditu Estatu Batuak, eta horretarako radarrak eta misil-jaurtigailuak ezarri nahi ditu Polonian eta Txekian.

Badira, ordea, Washingtonen jarrerak Iran zirikatzeko besterako ez duela balioko uste dutenak ere. NATOko idazkari nagusi Jaap de Hoop Schefferrem iritziz, esaterako, segurtasuna murriztuko du ezkutuak, ziurtzat jotzen duelako norbait erasotzeko prestatzen ari dela. «AEBen proposamena onartzeak banaketa eragingo luke ezkutuak babesten dituen eta babesik gabe geratuko diren herrialdeen artean».

Washingtonek 2011. urterako martxan jarri nahi duen sistemak soilik Mendebaldearen segurtasuna bermatuko luke. Grezia, Bulgaria, Errumania eta Turkia, esaterako, ezkututik kanpo geratuko lirateke. Horretaz gain, ez dago argi zenbateko inbertsioa eskatuko duen halako defentsa sistema bat garatzeak, eta ezta hori nork ordaindu beharko duen ere. Hori nahikoa ez, eta ezkutuaren fidagarritasuna ez da erabatekoa. Radarraren datuak zehatzak izan behar dute oso; hala ez badira, misil jaurtitzaileek huts egin dezakete. Frogatuta geratu da hori Washingtonen azken probetan.

Hala ere, Poloniak eta Txekiakgogo onez hartu dute Washingtonen proposamena, batetik AEBekiko harremanak estutzea esan nahi duelako, eta bestetik, Errusiarekiko menpekotasuna murriztuko duelako. Hori, ordea, Gobernuaren iritzia da. Poloniarren eta txekiarren gehiengoa egitasmoaren aurka dago. Horregatik agian, Txekiako Legebiltzarrak atzera bota zuen atzo AEBen egitasmoari buruzko galdeketa egitea ahalbidetzen zuen lege proposamena.

Errusia eta Europako hainbat buruzagik ere ez dute begi onez ikusten Bushen egitasmoa. Moskuk mehatxutzat hartu ditu Bushen planak. «Gure ikerketek erakusten dute radarrak eta misil-jaurtigailuak gu mehatxatzeko erabiliko dituztela», adierazi du Errusiako aire armadako buru Vladimir Popovkinek. Haren iritziz, AEBen argudioak ez dira sinesgarriak. Washingtonek dio misilen kontrako ezkutua ez dagoela Errusiari zuzendua, potentzia txikiagoei baizik, Iran eta Ipar Korea kasu.



GERRA HOTZAREN ARRISKUA. Europako sozialistek, berriz, ohartarazi dute Estatu Batuen defentsa sistemak Gerra Hotza errepikatzeko arriskua handitzen duela. «Europarrok berriz banatu aurretik, sistema horiek ezarri baino lehen, ez genuke aztertu behar diru hori segurtasuna bermatuko duen garapen iraunkorrera bideratzea, Europan zalantzazko misil sistema bat ezarri beharrean?», galdetu zuen asteartean Europako sozialistek Legebiltzarrean duten buruzagi Martin Schulzek. Horiek hala, Europako Batasuneko txandakako presidente Angela Merkeli eskatu diote defentsa sistemaren gaia G8koen bileran aztertzeko. Bide beretik, galdegin diete AEBei eta nazioarteari EBren politikarekin bat datozen beste aukera batzuk aztertzeko. Aldiz, Europako Legebiltzarrak uko egin zion atzo Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeari Buruzko Itunaren inguruko txostenean defentsa sistemaren aurkako aipamena egitea.

Poloniakoa eta Txekiakoa ez dira Washingtonek ezarri nahi dituen base bakarrak. AEBek eta Danimarkak adostu dute Groenlandiako base militarra berritzea eta han ere radarrak ezartzea. Horretaz gain, Australiarekin, Israelekin, Japoniarekin eta Hego Korearekin negoziatzen ari dira.

Bestalde, Bushek dio proiektuan parte hartzen dutenen segurtasuna bermatuko dutela. Baina sistemaren azken ardura Washingtonena izango da, eta ez dago argi hark emandako hitza beteko duen. Horretaz gain, gerraren kontrako mugimenduak beldur dira AEBen asmoa ez ote den armak garatzeko lasterketa bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.