«Kezkatuta gaude datuek erakusten dutelako birusa zabaltzen ari dela lehen kasu gutxi eduki dituzten lekuetan», esan du gaur Osasunaren Erakunde Panamerikarraren zuzendari Carissa Etiennek. Erakundearen datuen arabera, Amerikako kontinentean 3,3 milioi kasu atzeman dituzte, hau da, munduan baieztaturiko 6,8 milioi kasuen ia erdiak. Dagoeneko 183.950 amerikar hil ditu gaitzak.
AEBak dira gogorren jotako herrialdea, baina erakundea kezkaturik dago Mexikoz, Panamaz, Costa Ricaz, Brasilez, Peruz eta Txilez ere. Asko ugaritu dira kasuak Haitin, esaterako, eta Etiennek gogoratu du herrialde horrek duela kontinenteko per capita errentarik apalena.
Erakundeak kezkatzeko beste bi arrazoi ikusi ditu: alde batetik, hego hemisferioan neguan sartzeko zorian dira, eta horrek arnasbideetako gaitzak ugaritzea ekar dezake, eta, ondorioz, koronabirusa errazago zabaldu eta erietxeak kolapsatzea.
Gainera, urakan sasoia hasiko da laster kontinentearen erdialdeko eta iparraldeko hainbat gunetan. Horrek kalte egin diezaioke osasun zerbitzuari, eta garbitzeko ura aurkitzea zaildu herritarrei.