Euskal Herrian abiatua den bake prozesuak "ezingo du atzera egin", bosgarren barrutian aurkeztuko den Jacques Veunac hautagai zentristaren ustez (Creysse, Frantzia, 1944). Aterabide bat atzemateko prozesuan Frantziako Gobernuak ere "lagungarri" izan beharko duela dio, eta gatazka konpontzeko bidean Europaren parte hartzeak "garrantzia" ukanen duela.
Politikaren moralizazioa aldarrikatzen ari zara zure kanpainan. Zer erran nahi duzu horrekin?
Arauak moldatu behar direla diot, hainbat gauza berriz ikusi behar dira. Adibidez, kargu metaketarik ez da izan behar. Moralizazioari buruzko erreferendum bat proposatzen zuen François Bayrouk, nik sostengatu nuen proposamen hori. jendeei ezin zaie galdatu erabat zintzoa izatea, baina arauak behar dira, egoera onargarritik harago doana zigortua izateko.
Zentrista zara. Zure barrutian Jean Grenet eta Jean-Baptiste Mortalena ere zentrista gisa kokatzen dira. Ez al zarete gehiegi?
Zentrista nozioa erabiltzea erraza da. Hitz horren gibelean humanismo ideia kokatzen badugu, edonor izan daiteke pixka bat zentrista. Zentroan izateak ez du deus erran nahi berez. Egitasmoak aurkeztuak direlarik, gure iritziak eta usteak segituz alde ala aurka egitea, hori da zentrista izatea. Ez naiz hemen alderdi godillot baten ordezkari izateko; benetako lan parlamentaria eginen dut, sektarismorik eta gibel asmorik gabe. Sektarismoa saihestu nahi dut, baina beti pentsamendu politiko azkarra atxikiz. Ezkerra-eskuina dualitate horretan ez erortzea zaila da, bi itzulitako gehienen sufragioak horra ekartzen gaitu. Sistema txarra da hori, herri gutxik dute; hemen ere proportzionala behar luke.
Azken bost urteetan Jean Grenet diputatuak egin lanaz zer diozu?
Baionarentzat ongi lan egin du; barrutiko beste herriei dagokienez, ez da hain argi. Kargu anitz ditu, eta, azkenean, ez dakigu egindakoak zein posturi lotuak diren... Lokalki dituen karguak ez dira bateragarriak diputatu karguarekin, hemen izateaz gain han ere egon behar duelako. Gainera, diputatu baten lanak denbora osoa eskatzen du.
Zer diozu Euskal Herrian hasi den bake prozesuaz?
Prozesua bidean da, eta horrek esperantza handia ekartzen du. Ezin daiteke gatazkaren konponketan atzera egin. Horrela izaki, bakoitzak bere indarra erakusten du; adibidez, estatuek diote ETA desagertu arte ezer ez dutela eginen. Hor ere ohartzen gara, proportzionalari esker, Espainian Amaiurrek zazpi diputatu lortu dituela. Biltegi bikaina da, Madrilen haien iritzia ematen ahalko dute eta, nahiz aurka izan, entzunen dituzte. Borroka, Donostiako karriketan izan ordez, Madrilen izango da. Guk ere abilezia bera bagenu, proportzionala ukan bagenu, eskuin edo ezker muturrak ordezkatuak eta entzunak izanen ziren. Milioika herritar ez dira ordezkatuak, beraz zer egiten dute? Kalera doaz, bistakoa da.
Frantziako gobernu berriak dio orain arteko jarrera ez duela aldatuko. Zer diozu Frantziaren joeraz?
Ez dakit zer eginen duen gobernu berriak, baina bi aldeak lagundu beharko ditu, aterabide bat atzemateko bidean. Europak garrantzi handia ukanen du bide horretan.
Erran nahi baitu?
Nahiz osoki ez lortu, lurraldeen ezagupena eta gutxituen eskubideak segurtatzen ditu Europak. Europak bake prozesua hurbiletik segituko balu, batak eta besteak balituzkete segurtamenak. Irlandarekin argi geratu zen hori, nazioartearen inplikazioari esker aitzinatu zen prozesua.
Diputatu bazara, Parisera eramanen duzu konponketaren aldarria?
Bai; diputatu banaiz, bake prozesuan inplikatuko naiz. Ipar Euskal Herriarentzako gobernu mota berezi bat ere eskatuko dut. Eskumen batzuk utzi behar zaizkie tokikoei, horrekin ez du erran nahi errepublika hautsiko denik. Ez du balio beste nonbait egitea eta erabakitzea hemen egina eta erabakia izaten ahal dena.
Zer gobernu mota nahi zenuke Ipar Euskal Herriarentzat?
Hautetsien Kontseiluak eskumen bereziak lituzkeen tokiko gobernua proposatzen du, eta hori ongi iruditzen zait. Eskumen horiek argitu behar ditugu orain. Herriak bozkatu batzar bat ere baluke elkargo horrek.
Uste duzu euskal lurralde elkargoaren gaia kokatuko dutela gobernuak egin nahi duen deszentralizazio erreforman?
Ikusiko da. Diputatuen betebeharra handia izanen da, zentralizazioak ez duela izatekorik erran beharko diote gobernuari.