MUNDUA

Jada 350 dira Ekuadorren izandako lurrikaran hildakoak

Zaurituen kopurua ere igo egin dela esan du Cesar Navas Segurtasun ministroak, kopururik zehaztu gabe. Richter eskalan 7,8 gradukoa izan da dardara.

Richter eskalan 7,8 gradu izan ditu lurrikarak. FREDDY CONSTANTE / EFE
2016ko apirilaren 18a
08:18
Entzun

Ekuadorren 18:58 zirela gertatu da dardara, igandearekin, Manabi probintzian. Ondoren izan dira lurrikara gehiago ere, 2,5 eta 5,3 gradu artekoak, eta Ekuadorko Sismologia Institutuak ez du baztertzen dardara gehiago izatea hurrengo orduetan. Egoera bereziki "konplexua" da Pedernalesen, epizentroa izan den lekuan, erreskate taldeek lanak izan baitituzte bertara iristeko.

Atzotik igo egin da hildakoen eta zaurituen kopurua. Eta gora egingo dutela aurreikusten dute, oraindik asko baitira desagertuta daudenak. "Eroritako eraikinen azpian bila ari gara. Hondamendi handia izan da", esan du Rafael Correa presidenteak.

10.000 militar eta 4.005 polizia lanean ari dira zaurituak eta hildakoak ateratzeko. Horiek Venezuela, Kolonbia, Txile eta Kubako erreskate zerbitzuak gehitu zaizkie. Gainera, Correak adierazi duenez, osasun zerbitzuak ere gogor ari dira lanean zaurituei laguntzen. Animoak eman dizkie haiei guztiei, eta "maitasun mugagabea" senitartekoren eta lagunen bat hil zaien guztiei.

Bizi daudenak ateratzeaz gain, lehentasuna une honetan Jama, Canoa eta Pedernalesera ura eta janaria eramatea dute. Ekuadorko Gobernuak hondamendi egoera ezarri du Esmeraldas, Manabi, Guayas, Santo Domingo de los Tsachilas, Los Rios eta Santa Elena probintzietan, eta larrialdi egoera gainerako guztietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.