Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak bi lagun atxilotu zituen larunbatean, Boris Nemtsov oposizioko burua hil dutelakoan. Kaukaso iparraldeko herritarrak dira biak, Anzor Gubaxev eta Zaur Dadaev. Atzo beste hiru atxilotu zituzten, horiek ere txetxeniarrak.
Zenbait berri iturriren arabera, seigarren susmagarriak bere burua hil du Groznin, atxilotzera joan direnean.
Errusiako oposizioko kide Ilia Jaxinek BBCri esan dionez, eszeptiko jaso dute atxiloketa hauen berria. Ukatu egin du islamista erradikalak direla Nemtsoven hilketaren erantzuleak. Haren ustez, Errusiako Gobernua dago atentatu honen atzean.
Otsailaren 27an hil zuten Nemtsov, bizkarrean lau tiro emanda. Segurtasun indarren arabera, ustezko hiltzaileek erabilitako autoan aurkitutako frogetan oinarrituta atxilotu dituzte.