Txostenaren berri ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak eman, Jaizkibel Bizirik plataformak baizik. Jaizkibelgo uretan bertan aurkeztu zuen, itsaslabarrak lekuko, olatuen kulunka lagun.
Jaizkibel Bizirik-ek ondorio nagusi bat atera du: «Pasaiako kanpo portua egiteko alternatiba bat bera ere ez da bideragarria, ezta portu-irla ere, babestutako eremuan egongo bailirateke». Berez, itsasoa ez da sartzen Natura 2000 Sarean, baina, kudeaketa planaren zirriborroak nabarmendu zuenez, «azken urteetan Europan Natura 2000 Sarea osatzen ari dira itsaso hondoan habitatak dituzten lekuekin».
Kanpo portua uharte moduan egiteko proposamenak 200 metroko tartea uzten du itsaslabarretatik uhartera, portuak itsaslabarretan izango lukeen eragina txikitzeko asmoz. Uharteak ez duela kaltea gutxituko uste du Jaizkibel Bizirik-ek. Eta itsasoa babestutako eremuan ez badago ere, aintzat hartu behar dela itsasoan egindako lanek izango luketen eragina: «Kanpoan eginda ere, ezingo da saihestu babestutako eremuari eragingo dioten kaltea. Nola uler daitezke olaturik gabeko itsaslabarrak? ».
Jaizkibel Bizirik-ek kanpo portua egitea auzitan jartzen duten bi txosten eta atzo aurkeztutako kudeaketa planaren zirriborroa bidali dizkio Europako Batasunari. Erakundeek aholkua eskatu diote EBri proiektua aukeratzeko.
Kanpo portua auzitan jartzen duen hirugarren txosten ofiziala
Jaizkibel Bizirik-ek atzo aurkeztutakoa ez da kanpo portuaren proiektuak zalantzan jartzen dituen txosten ofizial bakarra. Plataformak iaz plazaratu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu eta proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten bi txosten: Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak egindako bata eta LKS aholkularitza enpresak egindakoa bestea.Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak egindako azterketaren arabera, Pasaiako portuarena ez da leku arazoa, kudeaketa arazoa baizik: «Pasaiako portuko lau trafiko nagusiek (txatarra, siderurgia, ikatza eta autoak) 2003an izan zituzten lur premiak gehituz gero, nahikoak dira 11 hektarea, hau da, portuaren zerbitzu eremuaren %15 baino gutxiago».
Pasaiako portuaren epe luzerako hazkunde aurreikuspenak «arriskutsuak» direla dio, portua produktu eta enpresa gutxiren menpe baitago, «eta iragarritako hazkundeek ez baitute oinarri sendorik». Uste du portua garatzeko alternatibarik «txarrena» dela kanpo portua, dituen ondorioengatik, ingurumenean eta ekonomian batez ere.
LKSk Pasaiako kanpo portuaren proiektuaren eta Pasaia biziberritzeko egitasmoaren oinarrizko agiriak aztertu zituen. Ondorioa: «Ez da argi eta garbi azaltzen proiektuaren garrantzia estrategikoa». Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa nola lortuko den ez dela zehazten dio: «Eskaria handitzeko azpiegitura sortu behar da, baina ez da nabaria azpiegitura sortzeak eskaria erakarriko duenik».
Gipuzkoako Foru Aldundiak bi txosten horiek plazaratu zirenean erantzun zuenez, 30 txosten eta azterketa baino gehiago egin dira Pasaiako portuari buruz, eta horrelakoetan «batzuk txarragoak eta besteak hobeak» izaten dira. «Guztiak daude mahai gainean, eta ez dugu ezer ezkutatu».