Kutsadura

Jakartako airearen kalitatea hobetzera behartu dituzte Indonesiako hainbat agintari

Hiriburuko auzitegi batek ebatzi du herrialdeko presidentea eta beste sei kargudun errudun direla «ingurumen arduragabekeriagatik». Gobernuak ez du argitu helegiterik aurkeztuko duen.

Jakarta hiriburua, artxiboko irudi batean. BAGUS INDAHONO / EFE
ander perez zala
2021eko irailaren 17a
11:59
Entzun

Joko Widodo Indonesiako presidenteak eta haren gobernuko sei goi agintarik Jakarta hiriburuko airearen kalitatea hobetzeko neurriak hartu beharko dituzte, auzitegi baten aginduz. Epaileek aho batez ebatzi dute agintari horiek errudun direla «ingurumen arduragabekeria» delituagatik eta, hortaz, herritarren eskubideak urratzeagatik.

Ekintzaile talde batek aurkeztu zuen salaketa, 2019an, estatuburuaren, Osasun, Ingurumen eta Barne ministroen eta beste hainbat buruzagiren aurka, eta helburutzat zeukan goi kargudun horiek kutsadurari aurre egiteko neurriak hartzea hamar milioi herritar dituen hiriburuan —eta beste hogei milioi inguruan—.

Ebazpenaren berri ematean, Jakarta Erdialdea Barrutiko Auzitegiak jakinarazi du akusatuek legearen kontra egin zutela. Hala, Widodo behartu du aire kalitatearen estandar nazional bat finkatzera, eta Budi Gunadi Sadikin Osasun ministroa eta Anies Baswedan hiriburuko gobernadorea, aire kutsadura kontrolatzeko estrategiak sortzera.

Twitter sare sozialaren bidez, Baswedanek adierazi du auzitegien erabakia onartu duela; gobernuak, ordea, ez du adierazpenik egin horren inguruan, ezta argitu ere helegiterik aurkeztuko duen. Erreakzio bakarra presidentearen bozeramaile Fadjroel Rahmanek izan du: ingurumenari buruzko erabakiak Ingurumen Ministerioaren esku geratuko direla erantzun du.

Adierazpen horien berri izanda, salatzaileen abokatu Ayu Eza Tiara pozik agertu da epaileen erabakiarekin: «Espero dugu akusatuek beren porrota onartuko dutela, eta airearen kalitatea hobetzeko ahaleginetan jarriko dutela arreta, helegiteen bidez borrokatu edo halako alferrikako gauzaren bat egin beharrean».

IQAir enpresaren iazko Munduko airearen kalitatea txostenaren arabera, PM 2,5 partikulen kutsadura gehien duten hiriburuen artean bederatzigarrena da Jakarta —Asia hego-ekialdeko okerrena—; partikulak gehienbat autoen erregaietatik eratorriak dira, eta, maila handian izanez gero, arriskutsuak izan daitezke gizakien osasunarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.