Atzo iragarri bezala, gaur eguerdian agertu da Viktor Janukovitx prentsaren aitzinean, Errusia mendebaldeko Rostov Don hirian. Ukrainako presidente legitimoa bera dela aldarrikatu du, eta barkamena eskatu dio Ukrainako herriari "egonkortasuna mantentzeko huts egiteagatik". Kieven izandako botere aldaketaren inguruan, Janukovitxek erran du "gazte nazionalistek eta neo-faxistek" hartu dutela agintea, eta horiek "soilik herriaren gutxiengo bat" ordezkatzen dutela. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz mintzatu dela jakinarazi du, baina ukatu egin du laguntza militarra eskatu diola. "Gatazka militarra baldintza hauetan ezinezkoa da".
Janukovitxek bere segurtasuna eta bere sendiarena "arriskuan" zeudelako ihes egin zuen Ukrainatik, eta salatu du oposizioko alderdiek hilaren 21ean berekin sinatu zuten akordioa bete ez dutela. Akordioak "itxaropen izpi bat" sortu zuen, baina hura sinatu ondotik "kaosa, izua eta anarkia" zabaldu ziren. Horregatik, maiatzaren 25ean presidentetzarako hauteskundeak deitzeko erabakia ere ez da legitimoa Janukovitxentzat. Eskualdeen Alderdiko diputatu batzuek agintari berrien erabakiekin bat egin dutela eta, Janukovitxek erran du ez duela diputatu horien jarrera "epaituko"; bere ustez, erabaki horiek "mehatxupean" hartu zituzten.
Irtenbiderako errezetatzat paratu du Janukovitxek hilaren 21ean sinatutako akordioa betetzea. AEBak, Errusia, Alemania, Frantzia eta Polonia izan zituen bitartekari akordio horrek, eta haiekin biltzea "beharrezkoa" dela uste du kargugabetutako presidenteak, "dena eztabaidatzeko". Ukrainan gertatutakoaren errua Euromaidan mugimenduko buruzagiek, AEBek eta "Mendebaldeko herrialde batzuek" dutela uste du Janukovitxek.