mundua

Japoniak bertan behera utziko ditu Ipar Koreari bidaietan eta diru bidalketetan jarritako mugak

Duela hainbat hamarkada bahitutako japoniarren kasuak aztertzea onartu du Ipar Koreak, eta horren truke hartu du erabakia Japoniak.

2014ko uztailaren 4a
14:10
Entzun

Zigorretako batzuk bertan behera utziko zituela iragarri zuen atzo Japoniak; gaur, neurriak onartu, eta zehaztasunak eman ditu. 

Batetik, diru bidalketei dagokienez, aurrerantzean Ipar Koreara zenbait diru bidalketa egitean ez da beharrezkoa izango Japoniako Gobernuari baimena eskatzea —hiru milioi yen baino gehiagoko kopuruetan—.

Bestetik, bidaietan eta joan-etorrietan orain arte zeuden mugak bertan behera geratuko dira. Besteak beste, lege orokor gisa ez zaie iparkorearrei Japonian sartzea galaraziko. Horrekin batera, aurrerantzean Tokiok ez du Ipar Koreara ez bidaiatzea gomendatuko.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak atzo adierazi zuenez, neurriak baliogabetzeko hartutako erabakia "soilik hasiera" da, eta prest agertu zen zigor guztiak bertan behera uzteko, bahiketen auzia "guztiz" argitzeko. Ipar Koreak batzorde bat osatu du bahiketak ikertzeko, eta, Japoniako Gobernuaren arabera, batzorde horrek "nahikoa gaitasun" dauka auziari irtenbidea emateko. 30 kide izango ditu talde horrek, eta bihar jarriko dute martxan.

Tokiok dio 1977. eta 1983. urteen artean gutxienez hamazazpi japoniar bahitu zituela Ipar Koreak; horietatik bost itzuli dira haien herrialdera. Ipar Koreak dio gainerakoak hil egin zirela edo ez zirela euren herrialdera iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.