Hondamendia Japonian

Japoniak bostera igo du hondamendi nuklearren arrisku maila

Hirugarren erreaktorean tenperatura jaitsi egin da, baina kezka gehien laugarrenak sortzen du IAEAren arabera, astearteaz geroztik daturik ez daukatelako.

2011ko martxoaren 18a
18:40
Entzun

Japoniako Segurtasun Nuklear Agentziak lautik bostera igo du hondamendi nuklear bat izateko arrisku maila. Zazpiko da eskala, eta aurreko astean Frantziak seikoa zela ohartarazi zuen. Orain arte, ordea, Japoniako Gobernuak lauean mantendu du arriskua, tokiko ondorioak iragarriz, baina orain eragin handiagoa izango lukeela onartu du bostera igoz.

Gobernuak jakinarazi duenez, Fukushimako zentral nuklearreko hirugarren erreaktoreko tenperatura jaistea lortu dute kamioietatik botatzen ari diren urarekin. Suhiltzaileak eta militarrak ari dira lan horretan parte hartzen. 64 tona ur bota dituzte guztira helikoptero eta kamioiekin. Tokyo Electric Power konpainiako langileek, bitartean, zentralera argindarra itzultzeko lanetan jarraitzen dute. Argindarrarekin erreaktoreen hozte sistema berriro piztea espero dute.

Laugarren erreaktoreak sortzen du orain arte, ordea, kezka gehien, Nazioarteko Energia Atomikoaren Agentziaren (IAEA) arabera. Horren inguruko informaziorik ez dute Japoniako agintariek eta zentraleko arduradunek. Azken datua asteartekoa da, eta 84 gradu jaso ziren orduan. Adituek ez dute baztertzen ura irakiten egotea. Urik gabe geratzen badira isuri erradiaktibo baten arriskua.

Gaur bosgarren eta seigarren erreaktoreetan ari da tenperatu gora egiten. Ur ponpa bat jarri dute horietara ura sartzeko. 25 graduko tenperatura mantendu behar dituzte ur biltegi horiek, erreaktoreak hozteko.

Bien bitartean, hildakoen zenbaketarekin jarraitzen du Japoniako Gobernuak. Oraingoz 7.000 lagun ingururen heriotza baieztatu dute, eta 10.000 pertsona inguru desagerturik jarraitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.