Japoniaren eta Txinaren arteko Senkakuko uharteetako afera dela eta, Japoniako enpresa batzuk behin-behinean itxi egin dituzte Txinan, euren erabakiz. Enpresa horiei eraso egin diete azken egunetan, Japoniaren arabera, eta horrek uste du aurrerantzean ere jomugan izango dituztela txinatarrek. Panasonic, Canon, Toyota eta Honda dira lantoki haietako batzuk.
Senkakuko uharteak bereak direla esaten du Txinak, eta Japoniak haiek erosiko dituela iragarritakoan, gaiztotu egin dira bi herrien arteko harremanak. Tokiok asteazkenean erosi zituen bost uharteetatik hiru, eta Pekinek ohartarazi zion neurriak hartuko zituela; hala, irletara sei patruila bidali zituen.
Japoniako Atzerri ministrorde Chikao Kawaik bilera batera deitu du Txinak Tokion duen enbaxadorea: Chen Yonghua.
Txinako Gobernuko ordezkariek iragarri dute bi herrialdeen arteko "harreman ekonomiko eta komertzialetan eragin negatiboa" izan dezakeela aferak. Txina da Japoniaren lehen bazkide komertziala. Bien arteko trukeak 345.000 milioi dolarreko balioa izan zuen iaz.