Bigarren Mundu Gerraren ondoren onartutako konstituzioa aldatzea onartu du Japoniako Gobernuak. Horren bitartez, aliatuei militarki lagundu ahalko die lehenengoz, aliatuak erasotuak badira. Orain arte 9. artikuluak aukera hori mugatzen zuen —nazioarteko gatazkak konpontzeko indarraren erabilera galarazten du horrek—.
"Autodefentsa kolektiboa" deitu diote aliatuei laguntzeko baimen horri. Eskubide hori erabili ahal izango du "herrialdearen iraupena mehatxatua bada", eta baita herrialdearen hainbat eskubide bertan behera geratzeko arriskua badago ere —askatasunerako eskubidea, besteak beste—.
Nazioarteko Zuzenbidean agertzen da autodefentsa kolektiboaren eskubidea, eta aliatuei lagundu ez ezik, Nazio Batuen segurtasun operazioetan ere esku hartu ahal izango du Japoniak.
Shinzo Abe lehen ministroa izan da aldaketa horren sustatzaile nagusienetako bat. Herritar gehienak, aldiz, horren aurka agertu dira —%60 baino gehiago, azken inkesten arabera—. Atzo, esaterako, 10.000 lagun atera ziren Tokioko kaleetara, aldaketaren kontra protesta egitera.