Gehiengo absolutua eskuratu zuen Shinzo Aberen alderdiak hilaren 16ko bozetan, eta gaur izendatu dute lehen ministro Abe bera. Horretarako, orain arteko gobernuak eta lehen ministro ohi Yoshihiko Nodak dimisioa eman dute lehenago.
58 urte ditu Abek, eta lehen ministro izana da lehenago ere. 2006 eta 2007 artean bete zuen lan hori. Japoniako Dietan (parlamentuan) bere alderdiak dituen ordezkarien txalo artean izendatu dute lehen ministro, eta ondoren senatuak berretsi du izendapen hori. Halaber, Bunmei Ibuki Japoniako Finantza, Hezkuntza eta Enplegu ministro ohia izendatu dute parlamentuko presidente.
Herrialde horretako historiako 96. lehen ministroa izango da Abe, eta hango ekonomia atzeralditik aldentzea izango du helburu. Gainera, 2011ko tsunamiaren eta Fukushimako hondamendi nuklearraren kalteak jasan zituzten guneak biziberritzea izango da gobernu berriaren beste erronketako bat.