Denen ahotan zebilen zurrumurrua berretsi du Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak: «Nire osasun egoera ez da ona, eta osasun arazoek erabaki okerrak ekar ditzakete. Horregatik, lehen ministro karguari uko egitea erabaki dut». Gobernuburuak, hala ere, jardunean jarraituko du haren alderdia LDP Alderdi Liberal Demokratikoak beste buruzagi bat izendatu bitartean.
Aberen osasun egoerari buruzko zurrumurruak indartu egin dira azken egunetan, lehen ministroa abuztuaren 17an eta joan den astelehenean erietxean izan zela zabaldu baita. Ez da lehen aldia buruzagi japoniarrak dimisioa ematen duena osasun arrazoiak medio. 2007an ere, lehen ministro kargurako izendatu eta urtebetera, kargua utzi behar izan zuen, hesteetako arazoak direla eta.
Oraintxe, Taro Aso lehen ministrorde eta Ekonomia ministroak luke aukerarik handiena Abe ordezkatzeko.