Japoniako ontzi batekin talka egin du AEBetako urpeko batek

2007ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Herenegun Ormuzko itsasartean --munduko itsasbiderik erabilienetakoa da-- Japoniako petroliontzi batekin talka egin zuen AEBetako urpeko nuklear batek, atzoAEBetako itsas armadak Bahrainen duen eledun batek jakitera eman duenez. Agintariek ez zuten biktimarik izan zenetz azaldu.

Japoniako Atzerri Ministerioak esan du ez dela ez ihes erradioaktiborik ezta petrolio isuririk ere egon. Nolanahi ere, AEBetako armada istripua zerk eragin zuen ikertzen dabil.

AEBetako Newport News urpeko nuklearraren muturrak Mogamigawa zamaontzia jo zuela azaldu dute Japoniako iturri ofizialek. Urpekoa Bahrainen egoitza duen AEBetako armadaren V. Flotaren zati da. Petroliontzia, berriz, Kawasaki Kisen Kaisha konpainiarena da, Japoniakoa.

Konpainiak azaldu duenez, zortzi japoniar eta 16 filipinarretako eskifaia du Mogamigawa ontziak, eta ezbeharra gertatu zenean Singapurtik petrolioa garraiatzen ari zen. Talkak zarata handia eragin zuen, baita astinaldia ere, eta itsasontzian ura sartu zela baina arazo hori konpondu zutela azaldu du konpainiak. Hala, ontziak bere bidaia segitu duela gaineratu du.



TOKIOK BERANDU JASO DU BERRIA. Japoniako Kyodo berri agentziaren esanetan, Tokioko gobernuak AEBetako iturrien eskutik izan zuen istripuaren berri, gertatu eta hiru ordura.

Ormuzko itsasartean Japoniako zamaontzi franko ibiltzen dira, beren herrialdera petrolioa eramateko. Halaber, Bahrainen egoitza duten AEBetako armadako gerraontzi ugarik zeharkatzen dituzte hango urak.

Astelehenekoa ez da AEBetako urpeko nuklear batek izaten duen lehenbiziko istripua. 2001eko otsailaren 9an, Hawaiiko kostaldean, Ozeano Pazifikoan, Greenville urpekoak Japoniako Ehime Maru ontzia hondoratu eta bederatzi pertsona hil zituen, tartean lau arrantza ikasle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.