Jarraipenaren eta islamismoaren artean aukeratuko dute Egipton

Gaur bukatuko dute presidentea hautatzeko bigarren itzulia; 51 milioi herritarrek daukate boto eskubidea

Erredakzioa
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Egiptoko presidentea aukeratzeko bigarren itzulian, lehenengoan ikusitako antzeko irudiak errepikatu dira bozkalekuetan. Jende ilara luzeak, botoa emateko zain. Bi aukera dituzte: jarraipena ala islamismoa. Ahmed Xafik, Hosni Mubarak presidente ohiaren garaiko lehen ministroa; ala Mohamed Mursi, Anaia Musulmanen hautagaia. Hauteskunde Batzordearen aginduz, bozkalekuak ordubete geroago itxi zituzten atzo, «ahalik eta jenderik gehienak eman dezan botoa».

Demokraziarako trantsizioa kolokan den unean aukeratuko dute herritarrek presidente berria. Egiptoko Auzitegi Konstituzionalak Xafiken hautagaitza baimendu zuen joan den ostegunean, Mubaraken agintepean goi karguetan ibilitakoei bozetara aurkeztea debekatzeko legea indargabetuz. Gainera, matxinadaren ostean aukeratutako parlamentua desegin du auzitegiak, diputatu batzuen hautaketan legea urratu zela argudiatuta. Erabaki horiek militarren indarra areagotu dute, botere legegilea ere Junta Militarraren esku utziz.

Tinta ikusezina

Atzo eta gaur 51 milioi herritarrek dute botoa emateko aukera. Lehen itzulian, maiatzaren 23an eta 24an, %46,4koa izan zen parte hartzea, eta Mursik irabazi zuen, botoen %24,8 bereganatuta; Xafik bigarren geratu zen, botoen %23,7 jasota. Pare-parean daude bi hautagaiak, eta ez dago argi nork irabaziko duen bigarren itzulia.

Bozkaleku batzuetan tinta ikusezinezko boligrafoak banatzen ari direla salatu du Hauteskunde Batzordeak, eta horiek atxilotzeko eskatu du. Boligrafo horien tinta desagertu egiten da minutu batzuetara, eta boto zuri bihurtzen dira botopaperak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.