Espainiako Gobernuaren osaketa

Jarraitutasunaren apustua egin du Rajoyk kargurik garrantzitsuenetan

Gaur goizean egin diete zin karguari PPren gobernuko ministroek, eta Ministroen Kontseilua egin dute gero. "Elkarrizketa eta itun asko" egiteko eskatu die Mariano Rajoy presidenteak ministroei.

Ministroak, gaur, Espainiako erregearekin. ANGEL DIAZ / EFE
ander perez zala
2016ko azaroaren 4a
16:42
Entzun

Akordioak lortzeko mandatua eman die Rajoyk bere gobernuko ministroei aurreneko Gobernu Kontseiluan. Izan ere, PPk ez dauka gehiengorik legebiltzarrean, eta legegintzaldian zehar zerbait onartu nahi badu, derrigorrezkoa du akordioak egitea. Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak eta Hezkuntza Ministroak esan duenez, giro onean egin dute aurreneko bilera.

Mendez de Vigok, gainera, berretsi egin du Rajoyk inbestidura saioan esan zuena: LOMCE aldatuko dute, hezkuntzako akordio bat lortu bitartean errebalidek ez dezaten balio akademikorik izan.

Espainiako errege Felipe VI.arekin batzartu ostean, atzo jakinarazi zuen Espainiako presidente Mariano Rajoyk bere gobernu berriaren osaera; zazpi dira orotara bigarrenez Rajoyren gobernuko ministro izango direnak, eta sei politikari izango dira lehenengoz ministro. Jose Manuel Garcia Margallo, Jorge Fernandez Diaz eta Pedro Morenes gobernu berritik kanpo geratu dira. Azkenean, postu garrantzitsuenetan ez da aldaketarik izan, eta agerian geratu da orain arte bezala segitzearen aldeko apustua. Aldaketen artean, nabarmenena da PPren idazkari nagusi eta Gaztela-Mantxako presidente Maria Dolores de Cospedalen izendapena: gaurdanik, Espainiako Defentsa ministro berria da.

Bost emakumek eta zortzi gizonek osatzen dute, Rajoyrekin batera, «elkarrizketan eta moderazioan» oinarritu nahi duten Espainiako gobernu berria. Gaur egingo dute karguaren zina, eta ondoren izango dute lehen Ministro Kontseilua. Barnera begira, Kataluniako independentzia, LOMCE hezkuntza legea eta autonomia erkidegoen finantzaketa sistema izango dira gobernu berriaren erronka nagusiak. Kanpora begira, Europako Batasunak eskatzen dizkion betebeharrak.

Aurreko gobernuarekin alderatuta, kargu garrantzitsuenak ez dira aldatu. Cristobal Montoro Ogasun ministro izango da aurrerantzean ere, eta Luis de Guindos, Ekonomia eta Industria ministro —azken hori berria da harentzat—; Rajoyk biengan duen konfiantza berretsi du, Espainiak Europarekin dituen konpromisoei begira. Ildo beretik, PPren lan erreformaren bultzatzaile nagusi Fatima Bañez Enplegu ministro izango da hemendik aurrera ere, alderdi popularraren ustetan emaitza onak izan dituelako erreformak.

Barne ministroaren karguari begira, pronostiko guztiak bete dira, eta hura aldatzea erabaki du Rajoyk, batez ere azken hilabeteotan izandako zalapartek eraginda. Sevillako alkate izandako Juan Ignacio Zoido hautatu du kargu hartarako. Rafael Catala ere Justizia ministro izango da berriz.

Ikusteko zegoen zenbaterainoko pisua izango zuen gobernuan Soraya Saenz de Santamariak, jakinda oso posible zela Cospedal gobernu berrian sartzea. Santamariak, gobernuaren bozeramaile kargua galdu duen arren, presidenteordetza eta Presidentetza Ministerioa mantendu ditu, eta Administrazio Publikoen kargua bereganatu du, Ogasun ministro Montororen kaltetan.

Iñigo Mendez de Vigo izango da Espainiako Gobernuko eledun berria, Hezkuntza, Kultura eta Kirolaz arduratzeaz gain. Kulturak ez du ministerio propiorik 2011z geroztik, Rajoy lehenengoz presidente izendatu zutenetik. Mendez de Vigok LOMCE hezkuntza legearen inguruan dagoen eztabaidari aurre egin beharko dio, eta inbestidura saioan Rajoyk eskatutako «itun nazionala» lortzeko helburua izango du.

Energia, Turismo eta Agenda Digitalerako ministro berria du Espainiak. Alvaro Nadali eman dio kargua Rajoyk, azken legealdiko laguntza eskertzeko. Nadal Espainiako presidentearen ekonomia bulegoko burua izan da joan den legealdian, eta nazioarteko hainbat auzi ekonomikotan lagundu dio Rajoyri.

Atzerrira begira, aldaketa

Kanpo Harremanetako eta Kooperazioko ministroa ere aldatzea erabaki du Rajoyk. Oso zitekeena zen Jose Manuel Garcia Margallok ere lanpostu berean ez jarraitzea, batik bat Kataluniako independentziari buruz eta Gibraltarri buruz egindako adierazpenak direla eta. Beste profil bat behar duela kontuan hartuta, Rajoyk, karguduna aldatzea erabaki, eta Alfonso Dastis izendatu du Kanpo Harremanetarako ministro. Azken legealdian, Espainiaren ordezkaria izan da Europako Batasunean. Santanderko alkate Iñigo de la Serna da Sustapen ministro berria, Dolors Montserrat arduratuko da Osasun eta Berdintasun Ministerioaz, eta Isabel Garcia Tejerina Ingurumen, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioaz.

Rajoyren gobernu berriaren osaera jakin eta berehala heldu dira lehen erreakzioak. Alderdi gehienek nabarmendu dute ez dutela «aldaketarik» ikusten, eta gobernu berria ez dela «elkarrizketarako egokia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.