Ekialde Hurbila

Jasser Arafat "egonkor" dago

Paris ondoko Percy erietxe militarrean artatzen duten medikuen arabera, Jasser Arafat palestinarren presidentea "egonkor" dago; hau da, ez du okerrera egin atzotik. Hala ere, PAN Palestinak Aginte Nazionaleko buruzagiaren gaitzari eta osasun egoera zehatzari buruzko beste xehetasunik ez dute eman. Gazan, berriz, larrialdiko batzarra egin dute Palestinako hamahiru taldetako ordezkariek eta Arafaten heriotzak sor dezakeen nahasmenari aurre egiteko agintaritza bateratua eratzea erabaki dute. Tartean dira Al Fata, Hamas eta Jihad Islamikoa.

2004ko azaroaren 5a
19:32
Entzun
"Saiatu gara denok ordezkatuta gauden zuzendaritza bakar bat eratzen eta palestinarren Gobernuarentzat erreferentzia izango den taldea osatzen", adierazi du Jales Al Basxa Jihad Islamikoko ordezkariek batzarra amaitu ostean.

Hain zuzen ere, Ahmed Kureia PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroari aurkeztuko diote proposamena bihar hamahiru taldeek. "Ez da izan taldeen eta Gobernuaren arteko bilera bat, baizik eta taldeen arteko batzar soila. Erabaki historikoa hartu dugu",azpimarratu du Al Basxak. Gaza eta Zisjordaniako egoera oso-oso arriskutsua dela nabarmendu du, berriz, Samu Abu Xri Hamaseko ordezkariak eta, ondorioz, ezinbestekoa izan dela zuzendaritza bateratua eratzea.

Hil edo biziko egoeran, baina sendatzeko aukerarekin

Percyko medikuek Arafat egonkor dagoela esan duten arren, haren gaixotasunaren bilakaerari buruzko zurrumurruak asko dira, eta albiste zehatzak, ostera gutxi: klinikoki hilda dagoela diote batzuek, eta tresnei lotuta mantenduko dutela bizirik PANeko egoera zuzendu bitartean; halaber, pozoindu egin duten hipotesia ere zabaldu da.

Nolanahi ere, Leila Shahid Palestinaren Frantziako ordezkariak eman ditu gaur azalpen ofizialak. Shahidek onartu du Arafat koman dagoela, hil edo biziko egoeran, baina, era berean, azpimarratu du medikuek uste dutela oraindik baduela sendatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.