Al Fatak alderdiko buruzagi ohi bati egotzi dio Jasser Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru izandakoa pozoitzen lagundu izana. Al Fataren ikerketa batzordeak argitaratu duen txostenaren arabera, Mohamed Dahlanek parte hartu zuen 2004an Arafati pozoitutako sendagaiak bidali zizkiotenean, Parisko ospitale batean zegoela. Haaretz egunkariaren arabera, ordea, ez dute inolako frogarik aurkeztu, eta Dahlanek ukatu egin ditu akusazioak.
Txostenak, gainera, beste lider palestinar batzuen hilketa saioarekin ere lotzen du Dahlan, eta AEB Ameriketako Estatu Batuek palestinarrei bidalitako 300 milioi dolar lapurtu izana ere egozten diote. Horrez gain, Israelgo herritartasuna zuten palestinar batzuei armak erostea eta gobernuaren eta armadaren eraikinetan zelatatzeko gailuak jartzea leporatzen diote.
Nazioartea presio egiten ari zaio Al Fatari, Dahlanen aurkako neurririk har ez dezan, baina ez dirudi kasurik egin duenik. Enbaxadore palestinarrek debekaturik dute harekin harremanetan jartzea, eta Interpoli hura atxilotzeko agindua eman dezan eskatu diote.
Bertsio kontrajarriak
Orain arte, bederen, palestinar gehienek Israeli egozten zioten Arafaten hilketa. Dena den, oraindik ere ez dago guztiz argi zergatik hil zen Arafat. Hiesagatik hil zela eta zirrosia zuela ere zabaldu da noizbait. Ospitaleak berak familiari eman zion txostenak ere ez zituen heriotzaren zergatiak zehaztu.
Dena den, ez da Al Fatak Dahlanen aurka egin duen lehen aldia, ekainean bertan alderditik kanpo utzi baitzuten. Jasser Arafat eta Bigarren Intifada kritikatu izan ditu Dahlak. Mahmud Abbas PANeko egungo presidentearen aurka ere egin izan du, lider ahula dela eta duen kargua semeei mesede ekonomikoak egiteko erabiltzen duela esanez.
Azken ikerketaren harira, «akusazio guztiak faltsuak eta oinarririk gabeak» direla salatu du Dahlanek, eta, haren ustez, Abbas eta haren inguruko jendea dago guztiaren atzean; «Abbasek bere denbora nire aurka beharrean independentziaren alde lan egiteko erabiliko balu, irabazi egingo genuke».
Al Fatak ez ezik, Hamasek ere ez du Dahlan begi onez ikusten. Izan ere, 90eko urteetan alderdiko militanteak atxilotu eta torturatzea leporatzen diote.
Jasser Arafat pozoitu izana egotzi dio Al Fatak alderdiko buruzagi ohi bati
Mohamed Dahlanek ukatu egin ditu akusazioak, eta honen atzean Abbas PANeko burua dagoela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu