Espainiako Gobernuak espetxean duden Kataluniako bederatzi buruzagi independentistei emandako indultuaren harira, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Kataluniaren eta Espainiaren arteko harreman instituzionalen «normalizazioa» sustatzen duten neurri guztiak «positiboak» direla. Hala, indultuei «erabateko errespetua eta babesa» agertu die Jaurlaritzaren izenean.
Iñigo Urkullu lehendakariak ostiralean eginiko adierazpenen ildo beretik, Zupiriak esan du indultuek «erakundeen arteko elkarrizketarako eta ulermen politikorako esparru berri bat» ekarriko dutela, eta uste du «izaera politikoa duen gatazka konpontzeko bidean aurrera egiteko» balioko duela.
Halaber, Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du indultua emandako bederatzi lagunek hiru urte baino gehiago daramatzatela espetxean, eta horien «egoera pertsonal eta familiarrak» hobetzeko balio duten neurriak «ongi etorriak» direla azpimarratu du.
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak, berriz, adierazi du indultuak «Kataluniarekin dagoen arazo politikoa konpontzeko bide egokia» izan daitezkeela, eta gaineratu du hemendik aurrera alderdi katalanek «neurria ematea» espero duela.
Hedabideei eginiko adierazpenetan, indultuak legezko tresna bat direla ere nabarmendu du Nafarroako presidenteak, eta esan du horiek Espainiak Kataluniarekin duen harremanarekiko «hasiera berri bat» izatea espero duela.
Aitor Esteban: «Eman beharreko urratsa dira»
Espainiako kongresuan eginiko agerraldian, Aitor Esteban EAJren taldeko bozeramaileak esan du «Kataluniako preso politikoen» indultuak «eman beharreko urratsa» direla, argudiatuz horiek gabe ezin zitekeela ezer konpondu, eta salatu du «guztiz zentzugabea» dela bederatzi buruzagi katalanak espetxean egotea.
EH Bilduren ustez, «hondoko arazoa» ez da desagertu
Oskar Matute EH Bilduko diputatuak nabarmendu du gobernuaren indultuekin frogatu egin dela politikari katalanak «preso politikoak» zirela: «Arrazoi politikoengatik espetxeratu zituzten, eta erabaki politiko batekin aterako dituzte kartzelatik». Halaber, Proces-arekin loturiko kausekin auzipeturiko 3.000 «errepresaliatuentzako» irtenbide orokor bat behar dela gogorarazi du Matutek.
Horregatik, Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ohartarazi du Espainiako Gobernuak preso katalanei indultua eman dien arren «hondoko arazoak» bere horretan jarraitzen duela. Zarautzen eginiko agerraldian, Iriartek esan du PPk eta PSOEk ez dutela parte hartu «estatu espainolaren demokratizazioan», eta bide horretan pausoak eman beharko dituztenak katalanak eta euskaldunak direla azpimarratu du: «Zalantzarik gabe, katalanek beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki ahal izango dute [...]. Europan, estaturik gabeko nazioak autodeterminazio prozesuetan murgilduta daude, eta prozesu horiek beren etorkizuna erabakitzera eramango dituzte».
Zentzu horretan, legebiltzarkideen bi heren erabakitzeko eskubidearen alde daudela zehaztu du EH Bilduko bozeramaileak, eta nabarmendu «esku balazta kendu» eta autodeterminazioaren bidea egiten hasteko garaia dela: «Atzean ez geratzeko eta bidea beste herrialdeekin batera egiteko garaia da».
UPN: «Sanchezek Espainia belaunikatu du»
Javier Esparza UPNko lehendakariak gogor jo du Espainiako Ministro Kontseiluaren erabakiaren aurka, indultuekin Pedro Sanchezek Espainia «independentismoaren aurrean belaunikatu» duela adieraziz. Ohar batean, Esparzak kritikatu du neurri horren bidez Espainiako presidenteak «boterean betikotzeko babesak» bilatu dituela, eta, bere «alderdi interesak» asetzeko «herrialde osoa modu umiliagarri batean arrastatu» izana leporatu dio.
Podemosek abagune politiko berria iragarri du
Podemosek ere indultuekin zabaldu daitekeen abagune politikoa azpimarratu du Hegoaldeko bere ordezkarien bitartez. Begoña Alfaro Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusiaren arabera, Espainiako gobernuaren erabakiak «politikaren eta elkarrizketaren bidea ireki du berriro ere». Halaber, Alfarok adierazi du Kataluniako gatazkaren judizializazioa «akats» bat izan zela hasieratik, «gatazka politikoaren aurrean jarrera bateratuak eta konponbideak baliogabetzea» eragin zuelako.
Ildo beretik, Pilar Garrido Euskadiko Podemoseko koordinatzaile nagusiak uste du Kataluniako politikari presoen indultuak «nazio aniztasunaren erronkari ausardiaz ekiteko etapa berri bat» ekarriko duela, eta adierazi du preso katalanen askatasuna «abiapuntu bat» dela «proiektu politikoei beste era batera aurre egiteko; itunetik eta akordiotik, eta ez konfrontaziotik eta aldebakartasunetik».
LAB: «Gatazka ez da indultuekin amaituko»
Indultuen berriarekin «pozik» agertu da LAB sindikatua, baina gogorarazi du Kataluniako «gatazka nazionala» ez dela horrekin amaituko. Hain zuzen, sindikatuak azaldu du irtenbidea «mugimendu independentistaren kontrako errepresio oro bukatzea, erbesteratu guztiak itzultzea eta autodeterminazio eskubidea onartzea» dela.