Indonesia

Javako tsunamiaren ondorioz 525 pertsonatik gora hil dira

Indonesiako Java uhartea astindu duen tsunamiaren –olatu erraldoia– ondorioz hildako lagunak 525 dira dagoeneko. Gainera, azken datuen arabera 272 lagun desagertuta daude oraindik. Bestalde, 383 pertsona zaurituta daude eta ia 39.000 lagunek alde egin dute euren etxeetatik hondamenditik ihesi. Indonesiako Gobernuak astelehenean jaso zuen tsunami arriskuaren berri baina ez zuen bitartekorik izan biztanleak ohartarazteko.

2006ko uztailaren 19a
11:58
Entzun
Astelehen arratsaldean tsunamia eragin zuen lurrikara gertatu zenetik beste hogeita bat zenbatu dituzte uhartean. AEB Amerikako Estatu Batuetako Lurrikaren Hazards Programa agentziaren arabera, lurrikara gehienak uhartearen kostaldean izan dira eta Ritcherren eskalan 4 eta 6,3 gradu artekoak izan dira. Asteleheneko itsasikara Ozeano Indikoan Pagandaran eta Cilacap herrien aurrean gertatu zen, eta bi metroko olatuak altxatu zituen. Ritcher eskalan 7,7ko indarra izan zuen horrek.

Indonesiak herenegun tsunami bat egon zitekeela eta erne egoteko abisua jaso zuen eskualdeko agentzietatik. Baina, informazioa ez zutela zabaldu aitortu zuen atzo Kusmayanto Kadiman Ikerketa eta Teknologiako ministroak. Seismoa izan eta berehala bidali omen zuten informazioa Pazifikoko Tsunamien Alerta Zentrokoek. Kadiman ministroak, baina, ez zutela jakinarazi aitortu zein atzo komunikabideei: «Tsunamia gertatu ez balitz, zer gertatuko zatekeen?». Tsunamia gertatu baino 45 minutu lehenago jakinaren gainean jarri zituzten alerta zentrokoek uharteko agintariak, baina, antza denez, ez zuten bitartekorik arriskuaren berri emateko. «Herritarrei informazioa pasatzeko sistema egokirik gabe, hondartzetan bozgorailurik gabe, ezinezkoa zen ebakuazioa ondo egitea eta horrela hobe ez egitea», azaldu zuen Kadimanek.

"ERANTZUTEKO DENBORA FALTA". NBE Nazio Batuen Erakundeak alerta sistemak ondo funtzionatu zuela adierazi zuen. Sumatra uhartean itsasikara baten arriskuaren aurrean erantzun ahal izateko alerta sistema ezarri zuen gobernuak, 2004ko abenduan 226.000 hildako eragin zituen tsunamiaren ondoren. Herritarrak arriskuaz garaiz ohartarazi zituztela esan zuen Elisabeth Byrs, NBEko auzi humanitarioen bulegoko bozeramaileak. Jusuf Kalla Indonesiako presidenteordearen ustez erantzuteko denbora faltagatik ez zuen funtzionatu alerta sistemak.

Salbamendu taldeak bizirik gelditu diren kaltetuak bilatzen ibili ziren atzo egun osoan zehar. Pagandaran gune turistikoko eraikuntzen %40 inguru suntsitu ditu tsunamiak. Java uharteko ospitaleak lanez gainezka daude. Banjarreko ospitalean zaurituak korridoreetan artatzen dituzte.

NBEko bozeramailearen iritziz laguntzen ari diren erakundeek oraindik ez dituzte nazioarteko laguntzak behar. Kaltetuei banatzen ari zaizkien elikagai eta materialak aurreko hondamendian emandakoak direla zehaztu zuen Elisabeth Byrsek. Kaltetutako herrialdean dauden beharrak ebaluatzeko nazioarteko erakundeak bi talde bidali ditu uhartera. Indonesiako Gurutze Gorriaren arabera, hildako eta zaurituen kopurua igo egingo da eta edateko ura, elikagaiak, mantak eta lekuz mugitu dituztenentzat aterpeak dira une honetan gehien behar dituzten gauzak.

Indonesiako Gobernuak mila milioi errupiako (857.956 euro) funtsa onartu du uhartearen hegoaldean lan humanitarioetara bideratzeko. Dirua zaurituak zaintzeko, jana emateko eta aterpeak lortzeko izango dela zehaztu du Jusuf Kalla presidenteordeak. Tsunamiak suntsitu dituen Indonesiako kostak berreraikitzeko Garapenerako Asiako Bankuak(GAB) laguntza eskaini dio Indonesiako presidenteari, Susilo Bambangi. «Berriz ere, Indonesiako kaltetutako guneetan errehabilitazioan eta behar diren eraikuntzak egitera konprometitzen gara ni eta GAB», esan zuen GABeko presidente Haruhiko Kurodak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.