Espainia

Javier Maroto izango da PPko antolakuntza idazkari berria

Ana Beltran Batzorde Autonomikoko presidentea izango da, eta Teodoro Garcia Egea izango da PPko idazkari nagusia. Soraya Saez de Santamaria ez da joan alderdiaren zuzendaritza berriaren bilerara.

Javier Maroto, PPren kongresuan, botoa ematen. J.P.GANDUL, EFE
2018ko uztailaren 26a
07:15
Entzun

Bartzelonan bildu da gaur PPren Batzorde Eragilea, eta Pablo Casado alderdiaren buru aukeratu berriak jakinarazi du norentzat diren zuzendaritzako postuak. Bere kanpainaren buru Teodoro Garcia Egea izendatu du alderdiko idazkari nagusi. Dolors Montserrat izango da PPren bozeramailea Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta Ignacio Cosido Senatuan. Ana Beltran Batzorde Autonomikoko presidentea izango da, Mari Mar Blanco Berdintasunerako idazkaria izango da —Saez Santamariaren taldekoa zen—, eta Carlos Iturgaitz Kooperaziokoa.

Montserrat, hain zuzen, Maria Dolores de Cospedalen bozeramailea izan zen alderdi barruko primarioetan, eta, bigarren itzulira pasatu ez zirenean, Casado babestu zuten hautagaiak eta bozeramaileak. Elkar hartuta, Casadoren eta Cospedalen taldeek eragotzi egin dute lehen itzulian nagusi izan zena, Soraya Saez Santamaria, alderdiko lehendakaritzara iristea.

Soraya Saez Santamaria ez da izan Batzorde Eragilean. Izan ere, ardurak banatzeko egindako negoziazioek porrot egin dute. Hala ere, Casadok dei egin dio zuzendaritza taldearekin bat egiteko. Nabarmendu du harentzako lekua gordeta daukala. Bokal baten postua hutsik dago oraindik, eta harentzako dela esan du. Zuzendaritzara batzeko deia egin dio horrela, eta gaineratu du "erabateko integrazioa" nahi duela.

"PPk berriz ere ilusioa sortzen du", esan du Marotok bilera egiten ari diren hotelera iritsi denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.