Katalunia. Greba orokorra

Jazarpenari, askatasun aldarri ozena

Greba orokorra egin dute Katalunian. Errepide eta trenbide sareak itxi dituzte herrialde osoan. Milaka lagun elkartu dira eguerdian eta arratsaldean egindako bilkuretan

Grebalariek AP-7 autobidea itxi zuten Figueresen (Girona). ROBIN TOWNSEND / EFE.
Bidatz Villanueva
Bartzelona
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gobernuko kontseilariak eta ANCko eta Omnium Culturaleko presidente Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aska ditzatela. Horixe Errepublikaren Aldeko Batzordeek eta CSC Intersindikalak deituriko greba orokorraren arrazoia; eta Kataluniako salbuespen egoera salatzea. Goizean goizetik zabala izan zen katalanen erantzuna, eta, batzordeek aholkatu bezala, goiza pasatzeko janaria eta ura hartu zituzten, baita arropa beroa jantzi ere, goizeko hotzari aurre egiteko. Zazpiak inguru atera ziren grebalariak kalera. Atzoko ekintza nagusia garraio sarearen mozketa izan zen, Bartzelonan eta herrialde osoan lortu baitzuten errepide eta tren sareak geldiaraztea. Greba orotan bezala, helburua eguneroko jarduna etetea baitzen.

Tentsio puntuak eta uneak izan ziren; horietan nagusia, Bartzelonako Sants tren geltokian izan zena. Errepublikaren Aldeko Unibertsitateek deituta, ehunka lagunek zazpi errail itxi zituzten arratsaldeko bostetan. Mossos d'Esquadra hara joan zen, eta geltokia itxi zuen 19:00ak pasatxo zirenean. Zenbait orduz eutsi zioten errailetan manifestariek, harik eta 21:15ean, iragarri bezala, alde egin zuten arte. Gironako geltokian ere mobilizazio bera egin zuten 08:00etan hasita, eta han egon ziren 21:00ak pasatxo arte. Ez zen istilu larririk egon.

Bestela, lanuztearen helburuak bete zirela deritzo Nuria Baraona Errepublikaren Aldeko Eixample Dret Batzordeko kideak: «Normaltasuna eten nahi genuen, hemen pasatzen ari dena ez delako normala, eta lortu dugula uste dut». Baraona, gainera, Bartzelonako Nord autobus geltokian izan zen dozenaka kiderekin batera ibilgailuen sarrera eta irteera oztopatzen. Goizeko zortzietatik hamarrak arte geldiarazi zuten bertako zerbitzua. Baraonaren ustez, etenaldi horrek balio izan zuen Kataluniatik kanpo bertan bizitzen ari direnaren berri izan dezaten. «Europara eta Espainiara zihoazen autobusak gelditu ditugu».

Mossoek banan-banan atera zituzten, «ez oso modu onean», Baraonaren hitzetan, lagun asko tiraka eta arrastaka eraman baitzituzten. Ohi den bezala, grebalariek era baketsuan egin zioten aurre Poliziari, elkar harturik erresistentzia pasiboan. Ondoren, manifestazio bat egin zuten, tartean beste geldialdi bat eginez Gran Via eta Marina kalea elkartzen diren tokian, Familia Santura heldu arte. «Preso politikoen» askatasuna eskatzeko aldarria ozen eta sarri adierazi zuten.

Hortik zazpi bat kilometrora, Gracia eta Vallcarla auzoetako Errepublikaren Aldeko Batzordeek Dalt erronda itxi zuten bi nornazkotan, Alfonso Comin plazaren parean. Errepidea ixten eta, ondoren, informazio piketean izan zen Arnau Muniesa Bartzelonako gaztea. «Errondak oso azkar itxi daitezke, eta segituan hasten dira auto ilarak sortzen». Goizeko bederatzi eta erdietan bide bat ireki zuten behar zuen jendeari pasatzen uzteko. Izan ere, Muniesaren irudiz, grebak ekonomian eragina izan behar zuen arren, herritarrek lasai egon behar zuten: «Herrialdea geldiarazi nahi dugu, baina lasaitasun giro batean». Mossoak ere gerturatu ziren hara. Auto askok, klaxona joz, elkartasuna adierazten zieten bertan bildutako 150 lagun inguruei. Beste zenbaitek, ordea, irainak jaurtitzen zituzten, oldarkor. Dena den, umorez erantzun zieten grebalariek.

Urrikoa baino txikiagoa

Grebaren jarraipena txikiagoa izan da iragan urrikoa baino. Muniesaren iritziz, egoera ezberdina da: «Hainbat sindikatu ez dira deialdira atxiki: CCOO edo UGT, esaterako. Bigarrenik, atzo arte zalantza egon zen greba legez kanpo utziko zuten edo ez, azkenean legezkoa zela ebatzi zuten arren.Horri gehitu behar zaio duela hilabete bat bakarrik beste greba erraldoi bat egin genuela».

Eguerdian, milaka lagun elkartu ziren Bartzelonako Sant Jaume plazako mobilizazioan. Herrialdeko lau hiriburuetan izan zen irudia: prozesu independentistagatik kartzelatu dituzten «preso politikoen» askatasuna aldarrikatu zuten, eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua bertan behera gelditzeko exijitu.

Oholtzara igo ziren Marcel Mauri Omnium Culturaleko bozeramailea eta Agusti Alcoberro ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordea. Txalo zaparrada artean hartu zituzten biak, presoak askatzeko oihu artean. «Kataluniako instituzioen eta kideen aurkako jazarpena guztion aurkakoa da. Egunero aterako gara kalera egoera hau amaitu arte, eta era demokratikoan jardungo dugu», adierazi zuen Maurik.

Ekitaldi osteko adierazpenetan, datozen hauteskundeen inguruko hausnarketa eskaini zuen Alcoberrok, ANCren irudiz zerrenda bakarra baitzen biderik egokiena bozetan aurkezteko. Hala ere, helburua jendea mobilizatzea dela nabarmendu zuen: «Datozen hauteskundeak oso une garrantzitsua izanen dira. Hautesleria independentistak bozkatzera joan behar du, eta berriz irabazi behar ditugu hauteskundeak, erakusteko benetako hegemonia sozial eta parlamentarioa dugula».

Gabriela Serra CUPeko parlamentariak ere hartu zuen hitza: «Bandera edo herrialdea ez da afera, herri oso bat baizik, urriaren 1ean zer nahi zuen argi utzi zuena». Horrez gain, ilegitimotzat jo ditu datozen abenduaren 21eko hauteskundeak, «estatu kolpe» baten barruan antolatutakoak baitira. Presoen askatasuna ere aldarrikatu zuen.

Bartzelonako Udaleko zinegotzi eta Espainiako Kongresuko diputatu Alfred Boschek (ERC) azaldu zuen lanean ari direla hiru alderdi independentisten artean agerraldi bateratua egiteko, eta bertan azalduko dute zer erabaki hartu dituzten.

Ekitaldia amaituta, jende asko gelditu zen plazan, lurrean eserita bazkaltzen, hurrengo ekitaldietarako gelditzen, eta, ozen, aldarri oihuak jaurtitzen jarraitzeko. Horien guztien artean Rosaura Castagny ere bazegoen, Bartzelonako emakume heldu bat, mobilizazio guztietan izandakoa, hark aipatu zuenez. «Hainbestetan egon naizenez, nekatua nago. Ez dut faxismo gehiago nahi». Urriaren 1ean bozkatu zuen moduan, abenduaren 21eko bozetan ere parte hartuko du: «Bozkatzera joan nintzen, noski, eta berriz ere joanen naiz; behar den leku guztietan bozkatuko dut, hemen bizitzen ari naizenak min egiten didalako. Baina, aldi berean, indarberritu egiten nau. Zerbaitengatik ari naiz borrokan, eta egoera honetatik irtengo gara. Patata egosiak jan behar baldin baditugu ere!».

Ilundu arte kalean

Eguerdian plazetan geratu zirenekin bat egin zuten arratsaldeko seietan milaka lagunek, Kataluniako hiriburuetan eta hiri nagusietan egindako mobilizazio handietan. Egunak luze jo zuen, baina, beste behin, jendeak erakutsi zuen egoera aldatzen ez den bitartean ez dagoela prest etxean geratzeko. Bartzelonan, esaterako, Katedralaren plazan zegoen deituta elkarretaratzea, eta 25.000 lagun bildu ziren han, udaltzainen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.