ekialde hurbila

Jerusalemen polizia bat hil da, Hamasek bere gain hartu duen eraso batean

Gidari batek oinezko talde bat harrapatu du. Gutxienez beste hamahiru zauritu daude.

Erasoa burutzeko erabilitako furgoneta. JIM HOLLANDER, EFE
Adrian Garcia.
2014ko azaroaren 5a
11:14
Entzun

Gutxienez lagun bat hil eta beste hamahiru zauritu dituzte gaur Jerusalemen, furgoneta bateko gidariak oinezko talde bat harrapatzean. Eguerdian izan da erasoa, eta Israelgo Poliziak tiroz hil du ustezko erasotzailea. Polizia iturrien arabera, Ibrahim al-Akari da erasotzailea, 48 urteko palestinarra. Israelgo hedabideek diotenez, biktima 30 urteko segurtasun indarretako kidea da.

Luze gabe, Hamasek bere gain hartu du erasoa. “Ibrahim al-Akari, Jerusalem ekialdeko herritarra, erasoa egin duen gidari ausarta da”, azaldu du mugimenduak Gazako hedabideek argitaratutako oharrean.

Iragan urriarren 22an, beste gidari batek autobus geltoki batean zain zeuden oinezko talde baten aurka egin zuen.


Erreakzio ugari eragin ditu erasoak. Jerusalemgo alkate Nir Barkatek “terrorista eta muturreko ekintzaileen” aurka borrokatuko dela hitzeman du. Israelek Jerusalem hiriburutzat du, nahiz eta nazioarteak horrela ez aitortu 1967ko gerraz geroztik militarki okupatuta egoteagatik. Aste honetan bertan, Jerusalemgo iparraldean 400 etxebizitza eraikitzea adostu du Israelgo Gobernuak, Zisjordaniako lurralde okupatuetan.

Bestetik, Al-Aqsako meskitan liskarrak izan dira goizean. Eskuin muturreko talde juduak meskitan sartu dira, eta palestinar fededunei jazarri zaie. Gobernuz kanpoko erakunde palestinarrek salatu dutenez, Israelgo Poliziak kolonei meskitan sartzen utzi diete, eta gero babestu egin dituzte. Poliziak Meskiten Zelaia itxi du ondoren.  Atzo ere liskarrak izan ziren inguruan, palestinarren eta polizien artean. Jordaniak Israelgo enbaxadore Walid Obeidat kontsultetara deitu du, gurtze lekuaren aurkako “orain artean ikusi gabeko oldarraldiarengatik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.