Ekialde Hurbila

Jerusalemgo auziaren ostean, Osloko akordioak ez direla baliagarriak dio Abbasek

1993an egin zituzten Osloko akordioak, orduko PAE ko buru Yasser Arafatek eta Israelgo lehen ministro Yitzhak Rabinek.

Mahmud Abbas, PANeko presidentea, Istanbulen. KAYHAN OZER, EFE
2017ko abenduaren 13a
08:03
Entzun

"Jerusalemi buruzko erabakiak sinatu dugun edozein akordioa indargabetzen du. Adibidez, Osloko Akordioak. Sinatu genituen, baina orain ez dira lotesleak", iragarri du Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek Istanbulen egindako adierazpenetan. Lankidetza Islamikoaren Erakundean egin du hitzaldia buruzagi palestinarrak, eta jakinarazi du AEBak bitartekari izateari utzi diotela Ekialde Hurbileko gatazkari dagokionez.

Osloko akordioek, besteak beste, Israelen eta erakunde palestinarren arteko elkarlanerako oinarriak zehazten zituzten. Baina Abbasek ohartarazi du hori ere bertan behera gera daitekeela: "Guk ez dugu aginterik. Zergatik hartu behar dugu erantzukizunik? Zuek zarete estatu okupatzailea".

PANeko buruak hitz gogorrak izan ditu Washingtonentzat ere. Nazioarteko legedia urratzea egotzi dio Donald Trump presidentearen gobernuari eta baita "probokazioetan" erortzea ere. "Trumpek bere burua baliogabetu du bake prozesuan parte hartzeko. AEBak ez dira bitartekari onargarriak, ez dugu haien bitartekaritzarik nahi".

NBEri laguntza eske

AEBek "marra gorri guztiak" gurutzatu eta hiria eurena baliz bezala "oparitzen" ari dela gaitzetsi ostean, esku hartzeko eskatu dio Abbasek NBEri, eta sor dezala nazioarteko ebazten guztiak "betearaziko dituen" nazioarteko tresna bat. "Estatuek bi aldiz pentsatu beharko lukete nazioarteko legedia behin eta berriz urratzen duen estatu bat, Israel, estatu gisa onartu nahi duten".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.