Kolonbia

Jesus Santrich FARC-EPko buruzagi ohia hiltzat eman dute Venezuelan

Talde armatuen arteko liskarretan hil dela zabaldu dute hedabideek, baina ez da baieztapen ofizialik.

Jesus Santrich, 2019ko irudi batean. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 18a
19:39
Entzun

Seuxis Paucias Hernandez Jesus Santrich FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako buruzagi ohia hil egin dutela zabaldu dute Kolonbiako hedabideek. 1990eko hamarkadan egin zen FARC-EPko kide Santrich, baina ezagun egin zuen, batez ere, erakunde horren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziazioetan eta ondoko akordioan izan zuen paperak. Bi aldeek Habanan izenpetutako akordioaren sinatzaileetako bat izan zen, eta haren gauzatzea egiaztatuko zuen komisioko kideetako bat.

Semana atariak emandako informazioaren arabera, «talde ilegalen arteko liskarretan» hil dute gerrillari ohia, Venezuelan. Kolonbiako hedabideek aurreratutako informazioa egiaztatzen ari direla azaldu du, ondoren, Diego Molano Kolonbiako Defentsa ministroak, Twitter sare sozialean botatako txio batean: «Inteligentzia zerbitzuen informazioaren arabera, atzo Venezuelan ustez izandako liskarretan Santrich eta beste zenbait gaizkile hil ziren». Erantsi du, informazio hori baieztatuz gero, agerian geratuko dela Venezuelan «narkokriminalek» aterpe hartzen dutela. Santrichen heriotzaren baieztapen ofizialik ez dago oraindik, baina hasieran zabaldutakoaren inguruko informazio gehigarriak iristen jarraitzen du. Kolonbiako Fundaredes gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du gutxienez lau gerrillari hil zirela iragan astean Venezualeko Apure estatuan, Kolonbiarekiko mugan, izandako liskarretan, eta ikerketa «zabalik» dutela horien artean Santrich egon ote daitekeen jakiteko. GKEaren arabera, FARCetik aldendutako bi talde armaturen arteko enfrentamenduak izan ziren, eta talde horietako bat Jesus Santrichek eta Luciano Marin Arango Ivan Marquez FARC-EPko beste kide ohi batek gidatzen zuten.

Santrichen heriotzaren berria haren kontrako auziaren inguruan berritasunak izan eta gutxira iritsi da. Izan ere, iragan ostegunean, Kolonbiako Auzitegi Gorenak gerrillari ohia AEBetara estraditatzea onartu zuen. FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioa indarrean sartu ostean ustez egindako droga trafikoengatik epaitu nahi du AEBetako Justiziak, eta akusazio horren pean atxilotu zuten Bogotan, 2018an. Hasiera batean, Bakerako Jurisdikzio Bereziak jakinarazi zuen ez zuela estraditatuko, AEBek haren kontra aurkeztutako frogak ez zirelako «nahikoak» izan. Kasua Kolonbiako Auzitegi Gorenera pasa zen ondoren, baina epaitegi horrek, ebatzi artean, aske utzi zuen Santrich.

Borroka armatura buelta

Epai horren zain zegoela, FARC alderdiaren ondorengoa den Comuneseko senatari kargua hartu zuen Santrichek, 2019ko ekainean. Handik bi hilabetera, ordea, borroka armatuari berriz ekiteko asmoa agertu zuen, Ivan Marquez, Hernan Dario Velasquez El Paisa eta FARCeko beste zenbait kide ohirekin batera plazaratutako bideo batean. Orduan azaldu zutenez, «[Kolonbiako] Estatuak Habanako bake akordioari egindako traizioaren erantzuna» izan zen borroka armatuan jarraitzea. Bigarren Marketalia izena hartu zuen gerrilla berriak, FARC erakundea sortu zen lurraldeari erreferentzia eginez: «Munduari iragartzen diogu bigarren Marketalia hasi dela, munduko herriek zapalkuntzaren kontr altxatzeko duten eskubide unibertsalean oinarrituta».

Bogotak jopuntuan izan du azken urteetan, AEBek egindako presioa medio. Kolonbiako inteligentzia zerbitzuen arabera, Venezuelan izan da azken urteetan, baina, bi herrialdeen arteko harreman diplomatiko kaxkarra tarteko, ezin izan du haren inguruko informazio zehatzik jaso, ezta atzeman ere. Horregatik, harengana iristeko informazioagatik 620.000 dolarreko—560.0000 euro— ordainsaria emateko prest zegoen Kolonbiako Gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.