mundua

Jiang Zemin Txinako presidente ohia atxilotzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Tibeteko genozidioaren eta tortura delituen erantzule izatea leporatu die Ismael Moreno epaileak Jiangi eta Pekingo beste lau agintari ohiri.

2014ko otsailaren 10a
19:23
Entzun

Morenok nazioarteko agindu bat eman du Jiang Zemin bilatzeko eta atxilotzeko —Txinako presidente 1993 eta 2003 artean—. Atxilotzeko emandako argudioen arabera, Jiang tibetarren tortura eta genoziodioa eragin zutenen arduradun zuzena izan zen, eta, beraz, giza eskubideen gaineko delituen erantzule nagusi.

"Txinan gehiengoa diren Han etnia Tibeten nagusi izateko politika aktiboak bultzatu zituen", erabakiaren arabera: "Tibetarrak denbora luzean atxilotzeko eta torturatzeko agindua eman zuen, eta familia plangintzaren bidez, derrigorrezko abortuak eta esterilizazioak bideratu zituen". Horiek dira, besteak beste, leporatzen dizkienak.

Jiangez aparte, beste hauen kontra ere eman du atxilotzeko agindua Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak: Li Peng —lehen ministro 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990aren hasieran—, Qiao Shi —segurtasun arduradun izandakoa—, Chen Kuiyuan —Tibeterako Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusi ohi 1992 eta 2001 artean—, eta Peng Pelyun —Familia Plangintzaren ministro izandakoa 80ko hamarkadan—. Auzitegi Nazionalaren kausan inputatuta dago ere Hu Jintao presidente ohia, nahiz eta bere parte hartzea ez den zuzenekoa izan, aginduan zehazten denez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.