Lehen zenbaketek ziotena baieztatu du Libiako Hauteskunde Batzordeak: Mahmud Jibril CNT Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko lehen ministro ohiaren NFA Indar Nazionalen Aliantzak irabazi ditu uztailaren 7ko legebiltzarrerako hauteskundeak. Hala ere, oraindik ez dago argi zein izango den parlamentuko lehen indarra. Izan ere, 200 eserlekuk osatzen dute ganbera, eta horietako 80 dira bakarrik alderdi politikoentzako gordetakoak; gainontzeko 120 eserlekuak hautagai independenteek beteko dituzte, eta oraindik ez dago horien inguruko emaitzarik. 80 eserlekutik 39 eskuratu ditu Mendebaldearen aldeko koalizioak, baina diputatu independente ugari konbentzitu beharko ditu haien babesarekin ganberako indar nagusia bihurtzeko.
Tunisian eta Egipton gertatu ez bezala, Anaia Musulmanek ez dituzte irabazi hauteskundeak matxinadaren ostean. Islamisten JCP Justizia eta Eraikuntza alderdia bigarren geratu da, 17 eserlekurekin. Hirugarren postuan, oso urrun, Mohamed al-Maqwrifen Fronte Nazionala geratu da; laugarren, Aberriaren Batasuna alderdia eta Korronte Zentral Nazionala, bina aulkirekin. Azkenik, beste hamabost alderdik eserleku bana lortu dute.
Anaia Musulmanek, dena dela, ez dute amorerik eman. Lehen zenbaketek Jibril garaile jo ostean, «ezustekoak» etorriko direla iragarri zuen Mohamed Sawan JCPko buruak. «Azken emaitzek ezusteak ekarriko dituzte. Hautagai independenteen behin betiko zenbaketak emaitza onak ekarriko dizkio Justizia eta Eraikuntzari».
Bi aste itxaron beharko dute legebiltzar osoaren egitura zein izango den jakiteko, orduan emango baitituzte behin betiko emaitzak. Bi eginkizun nagusi izango ditu Muammar Gaddafi koronela agintetik kendu ostean sortutako lehenengo legebiltzarrak: lehen ministroa eta gobernu berria aukeratzea. Hasiera batean konstituzio berria idatzi behar duen batzordea eratzea ere parlamentuaren egitekoa bazen ere, CNTk hauteskundeen bezperan aldatu zituen jokoaren arauak, konstituzioan zuzenketa batzuk eginda. Konstituzioa idazteko eskumena kendu dio legebiltzarrari: batzorde konstituziogileko kideak hark hautatu ordez, herritarrek aukeratuko dituzte bozketa bidez. Dena den, oraindik ez dago garbi zein izango den azkenean batzordeko kideak hautatzeko prozedura.
Indar neurketa
Batez ere hiri eremuetan jaso du babesik handiena Jibrilen aliantzak, Tripolin eta Bengazin. NFAk 60 alderditik gora biltzen ditu, hainbat joeratakoak. Kanpainan Anaia Musulmanen kontra izandako norgehiagokan bere burua laikotzat eta liberaltzat jotzea saihestu du aliantzak, eta erabat islamistak direla nabarmendu nahi izan dute. Mendebaldearen begiko islamistak, hori bai. AEB Ameriketako Estatu Batuetan irakasle izana da Jibril, eta liberala da ekonomia arloan.
Mendebaldearen aldeko koalizioaren eta Anaia Musulmanen indar neurketan, Jibrilek eman zuen lehen pausoa joan den astean, bozak egin eta berehala. Elkarrizketa nazionalerako deia egin zien bozetan parte hartutako 150 alderdiei, koalizio gobernu bat osatzea eskainiz: «Ez da irabazlerik eta galtzailerik egon. Libia izan da egiazko garailea». Joan den zapatuan, berriz, JCPk iragarri zuen gobernu koalizio islamista bat sortzeko elkarrizketak hasi dituela hautagai independenteekin eta gainerako alderdi politikoekin, NFArekin izan ezik. Sawanek argi laga zuen zergatik ez duten Jibril elkarrizketetara gonbidatu: «Islamaren alde egingo duen gobernua nahi dugu». Haren ustez, Jibrilek ez du islamaren presentzia «arlo guztietan» bermatuko.
Mendebaldeko potentziek eta NATOk, esaterako, txalotu egin dituzte Libiako hauteskundeak. «Zorionak eman nahi dizkiet libiarrei 40 urtean egindako lehenengo bozen emaitzak jakin berritan», adierazi du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak. Libiak «demokraziara bidean» emandako «pauso miresgarria» izan dira hauteskundeak, haren ustez, eta berretsi du «harro» dagoela aliantza militarrak iaz Libian izandako jokabideaz.
Nolanahi ere, gerrak desegindako herrialdea da oraindik Libia. Sei milioi biztanletatik soilik 2,7 milioik eman zuten izena bozen erroldan, eta horien %62k eman dute botoa. Lurraldetasunaren eztabaida puri-purian dago: Zirenaikako Kontseiluakestatu federala eskatzen du. Bestetik, CNTk ez du lurralde osoa kontrolatzen. Misrata eta Zintan, esate baterako, armak itzuli ez dituzten milizien esku daude.
Jibrilek irabazi ditu bozak Libian, baina ez du ziurtatu agintea
Alderdientzat gordetako 80 aulkietatik 39 lortu ditu NFAk; Anaia Musulmanak bigarren geratu dira, 17 eserlekurekinLehen ministroa eta gobernu berria aukeratu beharko ditu legebiltzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu