Parisko atentatuak. Segurtasun indarren erantzuna

Jihadismoaren aurkako operazioa Frantzian: bi hildako eta zortzi atxilotu

Saint-Denisen, Paris iparraldean, Abaaud Parisko erasoen ustezko antolatzailea harrapatzeko operazio zabala egin du Poliziak.Parisko fiskalaren arabera, jihadista ez dago atxilotuen artean.Hildakoen izen-abizenik ez dute eman

Jihadismoaren aurkako operazioa Frantzian: bi hildako eta zortzi atxilotu.
Adrian Garcia.
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Azken egunetan, Parisko erasoen ustezko egileei uztarria itxiz joan dira Frantziako segurtasun indarrak: erasoetan erabilitako autoak eta aurretik erabilitako pisuak miatu ditu, eta Saint-Denisera eraman ditu arrastoak, Paris iparraldera. Atzo gaueko ordu txikietan operazio zabala egin zuten Poliziako eliteko komandoek, armadaren babesarekin. 04:20ean ustez jihadistak gordetzen ziren apartamentuaren aurkako erasoa hasi zuten, eta ordu luzez iraun zuen setioak. Balantzea: bi hildako —horietako bat soinean zeramatzan lehergailuak zartarazi dituen emakume bat, Poliziaren arabera— eta zortzi atxilotu. Bernard Cazeneuve Barne ministroaren arabera, helburua Abdelhamid Abaaud zen, erasoak ustez antolatu dituen belgikarra. Atxilotuen eta hildakoen izen-abizenik ez dute eman.

Poliziaz eta militarrez beterik esnatu da Saint-Denis. Paristik gertu dago hiria, eta 100.000 biztanle inguru ditu. RAID eta BRI erasoko brigaden 150 poliziek parte hartu dute oldarraldian. Operazioa egin duten lekutik Frantziako Estadiora hogei minutu eskas daude oinez. Ostiraleko amesgaiztoa hortxe bertan hasi zen, hiru erasotzaile suizidek beren burua leherraraztean.

Azken egunetan gerra izan da politikariek, kazetariek eta herritarrek beraiek Parisen gertatukoa deskribatzeko gehien erabili duten hitza. Gudu zelai baten antza handia zuen atzo Saint-Denisko hiriguneak: helikopteroen palen soinua, militarren kamioi kamuflatuak, soldaduak garrasika errepideak blokeatzen, polizien barrikadak bidegurutzeetan, anbulantzien ilarak...

Republique kaleko pisuan gotortutako hiru gizon atxilotu dituPoliziak. Beste gizonezko bat segurtasun indarren granada eta tiroen ondorioz hil da, François Molin Parisko fiskalak jakinarazi duenez.Atxilotuetako bat ere zauritu dute, eta ospitalera eraman. Emakume bakarra zegoen pisuan, eta soinean zuen lehergailuz beteriko gerrikoa zartarazita hil da, erasoa hasi berritan. Ostiraletik bere burua leherraraziduen zortzigarren kamikazea da.

Apartamentuaren inguruan, hondakinetan ezkutatu diren beste bi lagun atxilotu ditu Poliziak. Beste bi atxiloketak Carnot bulebarrean egin dituzte. Frantziako hedabideen arabera, setiatutako pisuaren jabea eta haren ezagun bat dira.Zortzigarren atxilotua non atxiki duten ez du zehaztu fiskalak. Bestalde, bost polizia arin zauritu dituzte, eta polizia txakur bat hil da.

Nahiz eta aurretik zabaldu den Abaaud Sirian zegoela, hura Saint-Denisko apartamentuan harrapatzeko esperantza zuten poliziek. Molinek baieztatu du Parisko erasoen ustezko antolatzailea ez dagoela atxilotuen artean. Ez dute atxikitakoen izen-abizenik eman, «identifikatzeko lanetan» daudelako. Hildakoak ere identifikatu gabe dituzte oraindik. Hondakinen artean gehiago egon daitezkeela ere ez du baztertu fiskalak. Horietako bat Abaaud izan daitekeela zabaldu dute hainbat hedabidek.

Abaaud jihadista ezaguna da, EI Estatu Islamikoa muturreko talde sunitari lotutako sare sozialetako kontuetan askotan agertutakoa. Frantziako eta Belgikako zerbitzu sekretuek Europan egindako hainbat atentaturen antolatzailetzat jo dute.

Leherketak goizetik

Leherketak eta tiro hotsak entzun dituzte auzokoek goizeko ordu txikietatik. Zazpi orduren ostean, 11:30ean amaitu da gotortutakoen eta segurtasun indarren arteko borroka. Fiskalaren arabera, 5.000 bala bota dituzte poliziek. Le Parisien egunkariari poliziaburu batek adierazi dionez, «benetako profesionalen» aurka egin dute. Lehenengo saialdian ezin izan dute pisuko ate blindatua behera bota. «Tiro jasak botatzen zituzten pixkanaka, balak aurrezteko eta sarrera eragozteko ahal bezainbeste».

Poliziak uste du Saint-Denisko apartamentukoek erasoen «laugarren taldea» osatzen zutela, baina ez zutela harreman zuzenik ostiraleko erasoak egin zituzten komandoekin. Molinen arabera, «ekintzetara pasatzeko» prest zeuden. «Etxean zituzten armek hori pentsarazi digute».

France 2 telebistak «ikerketako iturri ugari» aipatuta kaleratu duenez, La Defense negozio guneko merkataritza zentro bat eta Roissy-Charles-de-Gaulle aireportua zituzten jomugan. Miaketa administratiboak egin ditu Poliziak Roissyn, Air France konpainiaren egoitzan.

Parisko fiskalaren hitzetan, ikerketak «nabarmen» egin du aurrera. «Saint-Denisko operazioa da horren erakusgarri». Giltzarria izan den sakelako telefono baten inguruan mintzatu da Molin. «Goazen, hasiko gara» mezua zuen sakelako telefono bat aurkitu zuen Poliziak Bataclan inguruko zakarrontzi batean. 21:42an bidalia zuten mezua justu erasoa hasi aurretik.

Mediapart hedabideak kaleratu duenez, telefono hori beste entzuketak egiteko baliagarria izan zaie ikerlariei. Hain justu, entzuketa horietan oinarrituta uste zuten ikertzaileek Abaaud Saint-Denisko pisuan zegoela.

«Susmoaren pozoia»

Ikerketaren beste adar bat Belgikako Poliziak hartu du bere gain: Salah Abdeslam atzemateko operazio zabala hasia du. Ostiraleko erasoetako kamikaze baten anaia da, eta Poliziak uste du X. eta XI. barrutietako tiroketan parte hartu zuela. Kritika ugari jaso dituzte Belgikako zerbitzu sekretuek, Bruselatik gertu bizi baitziren ustezko jihadista ugari. Fiskaltzaren bozeramaileak onartu du urtarrilean bi anaiak galdekatu zituztela. Horrez gain, kamikazeek erabilitako lehergailuz josiriko gerrikoen egilea identifikatu dute , eta haren aurkako atxilotze agindua eman.

Ostiralean hildako 129 biktimak dagoeneko identifikatu dituzte auzo medikuek. Sarraskiaren egileak harrapatzeko ehiza operaziotik aparte larrialdi egoera baliatuta, Jendarmeriak eta Poliziak 25 lagun atxilotu eta 118 miaketa administratibo egin dituzte Frantzia osoan. Barne Ministerioaren arabera, ostiraletik 75 arma atxiki dituzte; horietatik 11 gerrako armak dira. Hain zuzen ere, Europako Batzordeak eskatu du arma mota horiek Internet bidez partikularrei saltzea debekatzeko.

François Hollande Frantziako presidenteak hizkera gerrazalea erabili du berriz ere operazioari buruzko argibideak ematerakoan. «Polizia ekintzak erakusten du Frantzia gerran dagoela».Horrez gain, iragarri du Frantziak artelanetarako «asilo eskubidea» sortuko duela, EIk Sirian eta Iraken suntsitutako obren harira. Artelanak arriskuan ikusten dituzten museoeilan horiek gordetzeko eskaintza egin die Hollandek.

Haatik, presidenteak ohartarazi du «susmoaren pozoiak» musulmanen komunitateen aurka piztu dezakeen gorrotoaz. «Gure kohesio soziala da gure indarra». Frantziako presidentearen ustetan, herrialdeko aniztasunaren kontrako erasoak dira jihadistenak. «Frantziaren ideia beraren aurka jo dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.