Eliza katolikoko burua hilzorian

Joan Paulo II.ak sukar handia duela eta "oso oso larri" dagoela esan du Vatikanoak

Ohar laburra kaleratu du Vatikanoak 19:30ean, eta han esaten denez, Aita Santua "oso oso oso larri dago, sukar handiarekin". Oharraren arabera, eguerdian igo zaio sukarra Juan Paulo II.ari, baina, egoera larria izan arren, "eskatzen zaionean ongi erantzuten ditu jende ezagunaren galderak". Vatikanoak 11:30ean eman du azken aurreko aldiz Joan Paulo II.a Aita Santuaren osasun egoeraren berri, eta Joaquin Navarro Vallsek onartu egin du, Aita Santuak batzuetan konortea galtzen duela. Hala ere, argi esan du, ez dagoela koma egoeran. Atzo, Aita Santuaren egoerak okerrera egin zuen nabarmen. Berria jakin eta berehala, bere jarraitzaile ugari bildu zen Vatikanoan, eta gauean ere bertan lo egin dute hainbatek. Eguna argitu bezain laster, jendetza bildu da gaur, berriro.

2005eko apirilaren 2a
19:48
Entzun
Atzotik, Aita Santuaren egoerak berdin jarraitzen duela jakinarazi du gaur goizean Vatikanoak, baina horrek ez ditu lasaitu bere jarraitzaileak. Izan ere, Joan Paulo II.a hilzorian dago atzotik, eta medikuek esan dutenez, egoerak ez du atzera bueltarik.

Hala ere, hitz batzuk ere egin ditu Aita Santuak, Navarro Vallsek dionez. Vatikanoan bildu diren gazteei eskerrak eman dizkie hitz horiekin.

Arratsaldean are gehiago larritu da jendea. Izan ere, 18:00an ematekoak ziren Aita Santuaren berri, baina 19:00etara atzeratu dute komunikazioa, eta gainera, Navarro Vallsek ez duela hitz egingo aurreratu dute. 19:30ean banatu dute oharra, eta ez dute atzerapenaren arrazoien berririk eman.

Oharra jasota, Aita Santuaren egoerak okerrera egin duela jakin da. "Oso oso oso larri" dagoela zihoen, eta gainera, "sukar handia" duela. Nolanahi ere, konortea ez duela galdu, eta ezagunen galderei erantzuten diola zabaldu du Vatikanoak.

Joan Paulo II.ari herenegun eman zioten azken igurtzia, eta une batetik bestera hiltzea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.