KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Joan Rigol, Ernest Benach eta Nuria de Gispertek itxiko dute Junts Pel Si zerrenda Bartzelonan

Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak dira hirurak. Iragarria zutenez, Pep Guardiola futbol entrenatzailea izango da zerrendan azkena.

Nuria de Gispert. TONI ALBIR / EFE
2015eko abuztuaren 10a
11:26
Entzun

Osatuz doaz Katalunian irailaren 27ko hauteskundeetako zerrendak, eta Junts Pel Si hautagaitzak —CDC, ERC eta gizarte eragile ugari barnebiltzen dituenak— izen gehiago ezagutarazi ditu. Bartzelonako barrutitik Pep Guardiola izango da zerrendan azkena, baina, haren aurretik, Joan Rigol, Ernest Benach eta Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak aurkeztuko dira.

Rigol 1999 eta 2003 artean izan zen parlamentuko presidente, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Itunaren buru izateaz gain. Benach 2003 eta 2010 artean izan zen ganberako presidente, eta De Gispertek hartu zuen kargua legealdi aldaketarekin. Gaur egun, parlamentuko jarduneko presidentea da De Gispert.

Diadarekin batera hasiko da irailaren 27rako kanpaina; egun horretarako, mobilizazioa antolatua dute Bartzelonako Meridianan ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalek. Hilabeteren faltan, 110.000 herritarrek eman dute izena mobilizazioan.

ANCk hamar ardatzetan antolatu du mobilizazioa, eta horietako batzuk betetzeko bidean dira jada; demokrazia, kultura eta hezkuntza dira jende gehien biltzen ari diren ardatzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.