AFGANISTAN

Joe Bidenek atea ireki dio Afganistandik erretiratzeko data atzeratzeari

AEBek herrialdean dituzten soldadu guztiak abuztuaren 31rako erretiratu nahi dituzte Afganistandik, baina, egoera kontuan hartuta, epemuga berrikusteko prest dago presidentea. «Luzapenaz hitz egiten ari gara».

Talibanen patruila bat, atzo, Kandaharren. EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 23a
08:37
Entzun

AEBetako armadak Afganistanen dituen soldadu guztiak abuztuaren 31rako dira erretiratzekoak handik, baina herrialdearen egoera kontuan hartuta, Joe Bidenek atea ireki dio ebakuazioa luzatzeari. Hori adierazi zuen AEBetako presidenteak, atzo gauean, Afganistango egoeraz hitz egiteko Etxe Zurian egindako prentsa agerraldian. «Luzapenari buruz hitz egiten ari gara. Gure itxaropena da egonaldia ez luzatu behar izatea».

Horrek izan ditzakeen «ondorioez» ohartarazi diete talibanek AEBei, gaur. Ezarritako data «marra gorria» dela adierazi du Suhail Shanin bozeramaileak, eta epemuga luzatzeak «okupazioak luzapena» izango duela esan nahi duela, horretarako beharrik ez dagoen arren. «AEBak eta Erresuma Batua ebakuazioekin jarraitzeko denbora irabazi nahian ari badira, ezezkoa da gure erantzuna. Hala egiten badute, ondorioak izango dira», gaineratu du.

Joan den uztailaren hasieran, erretiratzea gauzatzeko epemugatzat jarri zuen Bidenek abuztuaren 31. Baina talibanak boterera heldu ziren abuztuaren 15ean, eta horrek krisi humanitario bat leherrarazi du, milaka afganiar herrialdetik ateratzeko ahaleginean ari baitira. Egoera ikusita, ebakuatzea gauzatzeko epea luza dezatela planteatu diete Erresuma Batuak eta EB Europako Batasunak AEBei.

Milaka afganiarrek nahi dute Kabulgo aireportuan sartu, handik ebakua ditzaten. Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak atzo adierazi zuenez, aireportuari eraso egiteko asmoa eduki dezake EI Estatu Islamikoak. «Mehatxua benetakoa eta larria da». Sullivanen hitzak baieztatu zituen Bidenek, nabarmenduz muturreko islamistek egoera «aprobetxatu» nahi dutela aireportuari eraso egiteko.

Bien bitartean, herritarrak Kabulgo aireportutik ebakuatu eta ebakuatu dabiltza. Bidenek emandako datuen arabera, AEBek 28.000 pertsona atera zituzten Afganistandik lehengo astean. Baina gehiago dira Kabulen estu eta larri geratzen direnak. «Ez dago jende hori guztia minik gabe ebakuatzeko modurik. Bide luzea dugu egiteko», esan zuen Bidenek.

Eta NATOko iturri batek Reuters berri agentziari adierazi zionez, aireportuaren ateetan atzo gutxienez 20 lagun hil zituzten. Beste tiroketa bat izan da gaur goizean, agentzia horrek jakinarazi duenez. «Identifikatu gabeko» zenbait lagunek aireportua zaintzen ari ziren soldadu afganiarrei tiro egin diete, Reutersen arabera, eta horietako bat hil egin dute. CNN telebista kateak zabaldu du frankotiratzaile batek zaindariei tiro egin dienean hasi dela tiroketa. Alemaniako eta AEBetako soldaduek ere parte hartu dute tiroketak, Alemaniako armadak Twitterren jarritako txio baten arabera.

Azken erresistentzia eremua

Gobernua osatzeko negoziazioetan ari dira talibanak hiriburuan, baina, bitartean, euren nagusitasuna sendotu nahian ari dira handik kanpo. Iragan ostiralean, Amrula Sale presidenteorde ohiaren aldeko indarrek jakinarazi zuten, talibanei kontraerasoa jo zietela Baglan probintzian, eta hiru barrutitatik —Banu, Pol-e Hesar eta De Saleh— kanporatzea lortu zutela. Gaur, talibanen bozeramaile Zabihula Muyahidek Twitterren jakinarazi du berriz ere euren esku daudela hiru barruti horiek, eta talibanek kontrolpean ez duten probintzia bakarreko, Panjshir, egoera «konpondu» nahian ari direla.

Probintzia horretan gotortuta dauden indarrei armak entregatzeko agindu zieten atzo talibanek, eta hiru orduko epea eman zieten horretarako. Muyahidek gaur esan du «etsaia setiatu» dutela, eta inguratuta daukatela eremua. Hala ere, hango gatazka «modu baketsuan» konpondu nahi dutela adierazi du.

Afganistango Erresistentzia Frontea dute aurrean talibanek, Ahmad Massoud buru dutela. Milizia horretako kide Ali Nazarik, BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean, «erresistentziarako prest» daudela nabarmendu du, eta azken orduetan probintziara milaka lagun joan direla esan du, haiekin batzera. Hala ere, matxinoek «negoziatzeko» borondatea azaldu dute, «ezein gerra edo gatazkatan» sartu aurretik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.