AEB

John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkularia kaleratu du Trumpek

AEBetako presidenteak Twitter bidez jakinarazi du erabakia. Boltonek erran du dimisioa ematea proposatu ziola bart.

Bolton, artxiboko irudi batean. TATYANA ZENKOVICH, EFE
mikel rodriguez
2019ko irailaren 10a
07:10
Entzun

"John Boltoni bart jakinarazi nion haren zerbitzuak ez direla gehiago beharko Etxe Zurian. Haren iritzi anitzekin desadostasun handiak izan ditut, administrazioko [jende] gehiagok izan dituzten bezala, eta horregatik eskatu diot Johni dimisioa, gaur goizean eman didana". Erabaki garrantzitsu anitzekin egin izan duen bezala, Twitter sare sozialean jakinarazi du Trumpek Boltonen kaleratzea. Boltonek bertze bertsio bat eman du, sare sozial berean: "Bart dimisioa ematea proposatu nion, eta Trump presidenteak erran zuen: 'Solas egin dezagun bihar horri buruz' ". Trumpek duela bi urte eta erdi hartu zuen presidente kargua, eta epe horretan kaleratu duen Segurtasun Nazionalerako hirugarren aholkularia izan da Bolton.  

Segurtasun Nazionalerako aholkularia AEBen atzerri politikan eta politika militarrean eragin handia duen kargua da, nahiz eta ez duen aurrekontuen gaineko botererik, Estatu idazkariak eta Defentsa idazkariak ez bezala. Trumpek iazko apirilean izendatu zuen Bolton, H.R. McMaster ordezkatzeko. Presidenteak hilabete berean egin zuen aldaketa Estatu Departamentuan ere, Rex Tillersonek kargua utzi ondoren Mike Pompeo Estatu idazkari izendatuta.

AEBetan eta nazioartean, belatz gisa deskribatu dute Bolton, atzerri politika erasokor eta militarista defendatu baitu. Lehendik jakina zen Iranen aurka politika erasokor bat hartzearen aldekoa zela, eta Trumpek ildo hori sakondu du Bolton karguan egon den bitartean. Trumpek Afganistango talibanekiko negoziazioak bukatutzat eman berritan kendu du Bolton kargutik.

AEBetako hedabideek horren inguruko hainbat artikulu argitaratu dituzte azken hilabeteotan, eta kontatu dute Boltonen eta Pompeoren arteko harremana hagitz txarra zela, filtrazioak iturritzat hartuta —CNN kateak, erraterako, duela lau egun eskas—. Kaleratzearen jakinarazpena, ordea, modu bitxian gertatu da, Trumpek txioa idatzi baino lehentxeago Etxe Zuriak iragarri baitu Pompeok, Boltonek eta Steve Mnuchin Altxorraren idazkariak agerraldi bat egitekoa zutela elkarrekin. Boltonek dimisioa proposatu zuela jakinarazi baino ordu erdi eta hiru ordu lehenago bertze bi txio idatzi ditu, eta Irani eta Irailaren 11ko atentatuen hemezortzigarren urteurrenari buruz mintzatu da horietan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.