Ameriketako Estatu Batuak

John Edwards demokrata erretiratu egin da kanpainatik

McCainek irabazi ditu errepublikanoen primarioak Floridan. Demokraten artean Clinton nagusitu da, baina Alderdi Demokratak ez ditu hango emaitzak aintzat hartuko azken zenbaketan.

2008ko urtarrilaren 30a
17:11
Entzun
John Edwards ez da demokraten hautagaia izango Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentetzarako, kanpaina uztea erabaki baitu, CNN AEBetako telebista kateak jakinarazi duenez. Politikariak gaur emango bere erabakiaren berri jendaurrean.

Hillary Clinton eta Barack Obama dira demokraten artean hautagai nagusiak. Ikusi egin behar Edwardsek inoren alde egiten duen. Orain arteko hauteskunde primarioetan Obama doa aurrena euren artean, 63 ordezkari lortuta. Clintonek 48 eskuratu ditu, Edwarsdek 26.

Azken hori bigarren aldiz aurkeztu da AEBetako hauteskundeetara. 2004an aurkeztu zen aurreko aldian, eta John Kerry nagusitu zitzaion demokraten artean. Honek lehendakariorde izateko hautatu zuen, baina George Bush errepublikarrak irabazi zituen presidentetzarako bozak.

Floridako emaitzak

John McCain senadoreak irabazi ditu Floridan Alderdi Errebublikanoaren AEBetako presidentegai izateko hauteskunde primarioak. Floridako primarioak garrantzia handikoak dira hautagai errepublikanoa izateko, estatu horretako 57 ordezkariak ez baitira proportzionalki banatzen, baizik eta irabazleak guztiak eskuratzen ditu. Horrenbestez, Floridako 57 orodezkariak McCainen aldekoak izango dira Alderdi Errepublikanoaren konbentzioan.

Botoen %36 jaso ditu McCainek; haren aurkari nagusi Mitt Romneyk, berriz, %31. Rudy Giuliani New Yorkeko alkate ohia izan da Floriako primario errepublikanoetako galtzaile nagusia, hirugarren izan baita botoen %15ekin. Zenbait iturriren arabera, Giuliani laster erretiratuko da lehiatik, eta McCainen alde egingo du.

Alderdi Demokratari dagokionez, Hillary Clinton erraz nagusitu da Floridan, botoen %50ekin. Barack Obamak, berriz, %33 eskuratu ditu. Dena den, Clintonen garaipena sinbolikoa da, Aldredi Demokratak Floridako primarioak ez aintzat hartzea erabaki baitu dataz aurreratzea erabaki zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.