Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ez du etsitzeko asmorik. Hala erran du gaur arratsaldean Mendebaldeko Yorkshiren egin duen agerraldi batean. "Lehenago zulo batean hilda luzapena eskatu baino", erantzun dio kazetari bati, hark galdetu dionean ea EB Europako Batasunari eskatuko ote dion brexit-aren data gibelatzeko. Heldu den urriaren 31n ateratzekoa da Erresuma Batua EBtik, baina, parlamentuak atzo onartu zuen legearen arabera, gobernuak EBrekin itun bat egiteko betebeharra du irteeraren baldintzak ezartzeko, eta, hori urriaren 19rako egin ezean, epea luzatzeko eskatu beharko dio Bruselari.
Kazetariek estu hartu dute Johnson Mendebaldeko Yorkshirera egin duen bisitan, Ingalaterra iparraldean. Parlamentuak atzo, itxura batean, plan guztiak zapuztu zizkion Johnsoni, baina lehen ministroak berretsi du urriaren 31n Erresuma Batua EBtik aterako duela. Hori lortu ezean dimisioa emanen ote duen galdetu diote hainbat aldiz. "Erreferendumaren emaitza betetzeko hitza eman nuen", erantzun du.
Gobernuak bertze mozio bat aurkeztu du parlamentuan, astelehenean berriz ere hauteskundeak aitzinatzeko eskaerari buruz erabakitzeko. Johnsonek Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagia xaxatu du: Corbyn hauteskundeak aitzinatzeko eskatzen ari da aspalditik, baina atzo laboristek ez zuten lehen ministroaren eskaera onartu, itunik gabeko brexit-a eragozteko legeak tramitazio guztia bukatu eta indarrean sartu arte itxaron nahi baitute. Astelehenean gertatzekoa da hori, Elizabeth II.a erreginak onespena eman ondoren. Johnsonek urriaren 15ean egin nahi ditu hauteskundeak, EBko estatuetako agintari gorenak biltzen dituen Europar Kontseilua hasi baino bi egun lehenago.
"Lehenago ere egin genitzake, [Corbynek] nahi badu. Konpon dezagun hori", bota dio erronka buruzagi laboristari. "Herrialde honek erabaki argi bat hartu behar du. Erabaki behar dugu nor nahi dugun bilera erabakigarri hortara joatea [Europar Kontseilura, urriaren 17an]. Jeremy Corbyn joatea nahi duzue brexit-a luzatzeko bere planarekin, gu EBn betiko utzita?".