Erresuma Batua

Johnson ospitaleratu egin dute, koronabirusagatik probak egiteko

Erresuma Batuko lehen ministroak positibo eman zuen, eta hamar egun zeramatzan bakartuta. Haren osasunak, ordea, ez du hobera egin.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
2020ko apirilaren 6a
11:44
Entzun

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ospitaleratu egin zuten atzo gauean, koronabirusagatik probak egiteko. Agintariak positibo eman zuen duela hamar egun, eta, harrez geroztik, bakartuta zegoen Downing Streeteko erresidentzian. Haren osasunak hobera egin ez duenez, ospitale batera eramatea erabaki zuten medikuek.

Gobernuaren arabera, asmoa da Johnson egun bakar bat egotea ospitalean. «Gaua ospitalean pasatu du, eta, noski, denok espero dugu proba horien ostean gai izango dela Downing Streetera itzultzeko ahalik eta azkarren», adierazi du Robert Jenrick Etxebizitza ministroak gaur goizean, BBC katean. Hori bai, ez zuen baztertu lehen ministroak espero baino egun gehiago pasatu behar izatea ospitalean.

Iragan martxoaren 27an, Johnsonek berak jakinarazi zuen positibo eman zuela, sare sozialetara igotako bideo batean.

Osasun Ministerioak publiko egindako azken datuen arabera, Erresuma Batuan 4.903 lagun hil dira, horietako 621 atzo, eta 47.806 kutsatuta daude. Orotara, 195.524 proba egin dituzte.

Varadkar, mediku

Irlandako Errepublikan, Leo Varadkar lehen ministroak berriz aktibatu du bere mediku lizentzia, eta astean behin Dublingo ospitale batean arituko da lanean. Agintariak sei urtez egin zuen lan mediku gisara, baina, 2013an, Osasun ministro kargua hartu baino urtebete lehenago, bertan behera utzi zuen bere lizentzia.

Oraingoz, Varadkarrek telefono bidezko ebaluazio lana egingo du, ustez sintomak dituzten herritarrei koronabirusa duten zehazten laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.