Erresuma Batuko bozak

Johnsonek gehiengo osoa lortu du 'brexit'-a gauzatzeko

Alderdi Kontserbadorea 364 diputatura igo da, eta Corbynek iragarri du Alderdi Laboristaren gidaritza utziko duela. SNPk Eskoziako 59 ordezkarietatik 48 eskuratu ditu, eta Sturgeonek bigarren independentzia galdeketa egiteko asmoa berretsi du.

jarraia175005.png
Ander Perez Zala - Edu Lartzanguren
2019ko abenduaren 13a
12:13
Entzun

Hiru urte eta erdiren ostean, brexit-aren prozesuak bide argia du. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak garaipen ikusgarria lortu du, eta irteera gauzatzeko behar zuen babes zabala eman diote boto emaileek: toryek 364 diputatu izango dituzte Komunen Ganberan, duela bi urte baino 46 gehiago. Hortaz, Erresuma Batua beranduenez datorren urtarrilaren 31n aterako da Europako Batasunetik (EB).

Lehen ministroa pozarren agertu da hauteskundeen balorazioa egiteko agerraldian, eta kanpainan zabalduriko mezua errepikatu du: brexit-a gauzatuko duela. «Britainiako herriaren erabakia gezurtaezina eta eutsiezina da. Ez dut huts egingo. 1980ko hamarkadatik izan ditugun emaitzarik onenak dira». Agintariak erreferentzia egin dio atzoko bozetan irekita zegoen beste aukerari ere: «Emaitza hauek beste galdeketaren mehatxu zitala amaiarazi dute».

Johnsoni ezin hobeto atera zaio bozetara deitzeko apustua. Theresa Mayk 2017an galdu zuen gehiengo osoa berreskuratzeaz gain, David Cameronek 2015ean lortu zuena baino babes handiagoa jaso du, batez ere Ingalaterra erdialdeko eta iparraldeko barruti laboristetan lorturiko babesagatik. Hor zegoen hauteskundeetako gakoetako bat, horma gorria deituriko eremuan: historikoki Alderdi Laboristaren alde egin dute, eta 2016ko galdeketan EBtik ateratzeko botoa eman zuten. Atzo, beraz, talde komunitarioaren inguruko iritzia gailendu zitzaion boto ideologikoari, eta herritar askok toryen alde egin zuten lehen aldiz.

Boto aldaketa horrek azaltzen du Alderdi Laboristak hartu duen kolpea. Johnson agintetik kentzeko asmoa zuen, baina kontrakoa gertatu zaio Jeremy Corbyni: 59 barruti galdu ditu, 203rekin geratzeraino. Toryek hondoratu egin dute alderdia, eta, beherakada horren errua brexit-ari dagokion arren, laboristen buruzagiaren figurak eragin duen polarizazioa ere erabakigarria izan da atzoko emaitzetan. Porrota aitzakiarik gabekoa izan da, eta Corbynek jakinarazi du alderdiaren gidaritza utziko duela.

[Eserleku kopurua ikusteko, pasatu sagua edo hatza barretan]

 

Ingalaterran izan da nabarmenena toryen garaipena, eremu horrekin bakarrik nahikoa izan baitute gehiengo osoa eskuratzeko: 2017an baino 48 eserleku gehiago lortu dituzte, 344 guztira. Kontrara, laboristek han izan dute galerarik handiena, atzo galduriko 59 eserlekuetatik 47 Ingalaterran galdu baitzituzten, 180rekin geratzeraino. Gehiena Ingalaterran zegoen jokoan, Erresuma Batuko herrialderik populatuena baita, eta hark bidaltzen baitu ordezkaritzarik handiena Komunen Ganberara. Alderdi Berdeak bere diputatuari eutsi dio, Ingalaterra hegoaldean.

 

 

 

Eskozian, agintean dagoen alderdia nagusitu da, Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP), aldea nabarmen handituta. Duela bi urte galdu zituen eserleku gehienak berreskuratu ditu, eta, hamahiru diputatu irabazita, Komunen Ganberan oposizioko bigarren alderdia izango da, 48 ordezkari politikorekin.

Emaitza paregabeak dira SNPrentzat, eta datozen hilabeteotarako talka handia espero da Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren eta Johnsonen artean, bigarren independentzia erreferendumaren inguruan. Sturgeonen iritziz, atzoko emaitzek zilegitasuna eman diote galdeketa berriz egiteko asmoari, baina Erresuma Batuko lehen ministroak ez du asmorik halakorik egiteko eskumenak emateko; talka horretan, erabakigarriak izango dira 2021ean Eskoziako Parlamenturako egitekoak diren bozak.

«[Eskoziak eta Britainia Handiak] Urrunduz doazen bideak hartu dituzte. Boto emaileek erreferendumari buruzko mezu argia bidali dute», adierazi du Eskoziako lehen ministroak emaitzen balorazioa egiterakoan.

Kontserbadoreek Erresuma Batuan boto asko irabazi badituzte ere, Eskozian zazpi ordezkari galdu dituzte, eta seirekin geratu dira. Baina galera nabarmenena laboristena izan da: hamarkada luzez Eskozian nagusi izandako alderdiak sei eserleku galdu ditu Eskozian, eta bakarrarekin geratu dira.

Eskoziako beste albistea Liberal-demokratak alderditik dator, Jo Swinson buruzagiak bere eserlekua galdu baitzuen. Gertakari hori eta alderdiaren porrota kontuan hartuta "diputatu bat galdu du, hainbat irabazteko helburua jarri zuen arren", Swinsonek alderdiaren buruzagitza uztea erabaki du. Kanpaina hasieran babes handia zuen arren, erabaki txarrek kalte handia egin diete liberalei; brexit-a erreferendumik gabe gelditzea proposatu zuten, esaterako.

 

 

 

Galesen nagusi dira oraindik laboristak, baina sei eserleku galdu dituzte: 22rekin geratu dira, 2016ko galdeketan EBtik irtetearen alde bozkatu zuten barrutiek kontserbadoreen alde bozkatu baitzuten atzo.

Kopuru bera irabazi dute, haatik, kontserbadoreek, eta hamalau eserleku lortu dituzte Galesen. Plaid Cymru alderdi nazionalista eserleku kopuru berarekin geratu da: lau.

Ipar Irlandan, galtzaile nagusia Alderdi Demokratiko Unionista izan da (DUP). Ordezkaritzarik handiena lortu duen arren "zortzi diputatu", bi galdu egin ditu, eta horietako bat bereziki mingarria izan da, Sinn Feinek Nigel Dodds DUPen buruzagiordea eta Westminsterreko buruzagia garaitu baitu Belfast Iparraldea barrutian. Alderdi errepublikanoak zazpi ordezkariei eutsi die, eta pixkanaka murrizten ari da unionistekiko duen aldea.

Alderdi nazionalistak eta europazaleak ados jarri ziren boto taktikoaren inguruan, eta horrek ahalbidetu du bai DUPen galera eta bai Alderdi Sozialdemokrata Laborista (SDLP) Komunen Ganberara bi ordezkarirekin itzuli izana. Naomi Long Aliantza Alderdiaren buruzagiak ere bere eserlekua berreskuratu du Belfast ekialdean, unionisten kalterako.

DUP toryen sostengua izan da azken bi urteetan, eta horrek kalte egin dio nabarmen: Ipar Irlandako herritar gehienak EBn geratzearen alde agertu ziren 2016an, baina alderdi unionista brexit-aren aldekoa da.

Horregatik, atzoko emaitzek eragina izango dute Ipar Irlandako Gobernua osatzeko negoziazioetan: ia hiru urte beteko dituzte gobernurik gabe, eta, astelehenean, DUP eta Sinn Fein elkartzekoak dira, negoziazioei berriz ekiteko. Emaitzei erreparatuz gero, bi indar politiko horiek beste jarrera batez ekin beharko diote elkarrizketei; Londresek iragan hilean jakinarazi zuenez, bozetara deitu beharko du ez badute ezer adosten urtarrilaren 13rako.

Horrekin batera, Erresuma Batua EBtik ateratzean, areagotu egingo da Irlandako irlaren batasunari buruzko eztabaida.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.