Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak gutun bat bidali dio Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari, hura «nazioen goi bilera» batera gonbidatzeko. Ordu batzuk lehenago, Sturgeonek mezu argi bat bidali dio Johnsoni, Eskozian independentismoak inoizko emaitzarik onena lortu eta gero: «Bigarren independentzia erreferenduma herrialdearen nahia da».
Sturgeoni ez ezik, Mark Drakeford Galesko lehen ministroari eta Arlene Foster eta Michelle O’Neill Ipar Irlandako lehen ministroei ere bidali die Johnsonek gonbidapena. Pandemiaren ondorenari begira jarri nahi du Johnsonek, «batasun eta kooperazio espiritua» indartzeko asmoz.
SNP Eskoziako Alderdi Nazionala gehiengo osotik aulki bakarrera geratu da, eta 64 eserleku izango ditu datorren legealdian, 2016an baino bat gehiago; Eskoziako Alderdi Berdea, berriz, sei diputatutik zortzira pasatu da, eta, hortaz, independentisten gehiengoa 69tik 72ra handitu da.
Johnsonek aitortu du herrialde horietako bakoitzak «bere ikuspuntuak eta ideiak» dituela, eta ez direla guztien inguruan ados jarriko, baina etorkizun «hobe» bat eratu nahi du haiekin batera.
Batasun mezu hori errepikatu du Michael Gove Kabinete ministroak ere Sky News-en egindako elkarrizketa batean. «Hobe lukete arreta elkartzen gaituzten gauzetan jarri, banatzen gaituztenetan jarri ordez», esan du.