Erresuma Batuko hauteskundetarako bi egun falta direla, harridura sortu du Boris Johnson lehen ministroak haur gaixo baten argazkia erakutsi dion kazetari bati emaniko erantzunak.
ITV telebistako kazetari Joe Pikek lau urteko Jack Williment-Barr umearen irudia telefonoan erakutsi dio Johnsoni, elkarrizketa batean. Pneumoniarekin gaixo, erietxean sartu zuten haurra, baina oherik ez zegoenez umea lurrean zutela erakusten zuen irudiak. Erresuma Batuko NHS osasun zerbitzuaren egoeraz galdetzeko erakutsi zion irudia Johnsoni. Izan ere, NHS —eta hura esku pribatuetan uzteko asmoak— kanpainako eztabaidagai bihurtu dira osteguneko hauteskundeak hurbildu ahala.
Bideoan ikusten denez, Johnsonek, hasieran, ez dio begiratu ere egin nahi izan kazetariak erakutsitako argazkiari, eta hitz egiten jarraitu du Londresko gobernua NHSn egiten ari omen den inbertsioaz. Kazetariak argazkiari buruz galdetzen jarraitu du, eta, une batean, Johnsonek kendu egin dio telefonoa Pikeri.
«Telefonoa kendu didazu, eta zeure poltsikoan gorde duzu», esan du orduan kazetariak. Izan ere, Johnsonen ekintza ez da ikusi bideoan, planotik kanpo geratu delako.
Johnsonek jarraitu egin du bere diskurtsoarekin, baina, segundo batzuen buruan, poltsikotik atera du kazetariaren telefonoa, eta, orduan bai, pantailari begiratzeko keinua egin du. «Argazki penagarria da». onartu du.
Bideoak sekulako zabalkundea izan du sare sozialetan. Gaur, 11:00etarako, 9,4 milioi aldiz ikusi dute.
Sortu den ika-mikaren eraginez, gertaeraren inguruan hitz egin behar izan du Robert Buckland Justizia ministroak. «Hauteskundeak gauza benetan zailak dira. Gauzak gertatzen dira, aurreikusi ezin direnak», esan du. Johnsonen erreakzioa «argia, bortxatu gabea eta naturala» izan dela esan du ministroak, eta Johnsonek barkamena eskatu izana nabarmendu du.
Ikusteko dago zer eragin izango duen bideoak bozetan.