Afganistan

Johnsonek iragarri du Afganistanen dituen azken tropak erretiratuko dituela

Erresuma Batuko armadako azken 750 soldaduak aterako dituela jakinarazi du lehen ministroak. Azaldu duenez, behin AEBetako tropak joanda, egoera ez da egokia bere herreialdekoak babesteko.

Erresuma Batuko soldaduak Afganistango Helmad probintzian, 2010ean. EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 8a
15:14
Entzun

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak amaitutzat eman du bere herrialdeko armadaren Afganistango «misio militarra», eta tropa guztiak erretiratuko dituela jakinarazi du. Ordezkarien Ganberan eman du erabakiaren berri, eta erantsi du hemendik aurrera lehentasuna «beste bazkideekin lan egitea» izango dela, «azken hogei urteetan izandako lorpenei eusteko».

Pixkanaka egin du tropen erretiratzea Londresek, eta azkenaldian 750 soldadu izan ditu Afganistanen, bertako armadari babesa eta formazioa emateko asmoz, Johnsonek azaldu duenez. Aitortu du horiek ateratzea erabaki dutela ezinezkoa izango litzatekeelako haiek babestea behin AEBetako tropa gehienak herrialdetik erretiratzen dituztenean. 2001ean iritsi ziren, AEBak Afganistan inbaditu eta gutxira. 150.000 soldadu izan dira bertan denera, eta 457 hil dira. Erresuma Batuko armadak 2014an eten zituen operazio militarrak, baina herrialdean segi dute gerora ere, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen misioaren parte direla argudiatuta.

AEBetako eta NATOko beste herrialdeetako soldaduak erretiratzearekin batera, indarra hartzen ari dira berriz talibanak, eta gero eta eremu handiagoaren jabe egiten ari dira. Johnsonek onartu du «kezkatuta dagoela» horrekin: «Galdetzen badidazu ea pozik nagoen Afganistango egungo egoerarekin, ezetz erantzungo dizut, noski; kezkatuta dago», adierazi du. Herrialdea «arriskuz beteta» dagoela ohartarazi du, eta Erresuma Batuaren eta haren aliatuen etsai izan direnak barne hartuko diren bake akordio baten beharra azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.