Johnsonen 'brexit'-erako plana onartu du Erresuma Batuko Parlamentuak

Lehen ministroaren testuak 358 diputaturen babesa jaso du; 234 ordezkarik kontra bozkatu dute.

Legebiltzarreko eledunak bosketaren emaitza iragartzen. ERRESUMA BATUKO LEGEBILTZARRA / EFE
2019ko abenduaren 20a
16:10
Entzun

Aurrera doa 'brexit'-a. Erresuma Batuko Parlamentuak beste urrats bat eman du duela hiru urte luze abiatutako prozesua gauzatzeko. Boris Johnsonen 'brexit'-erako plana bozkatu berri dute diputatuek eta dokumentuak 358 diputaturen babesa jaso du. Beste 234 ordezkarik kontra bozkatu dute. Iragan asteko hauteskundeen emaitzetan kontserbadoreek lortutako nagusitasuna baliatu du lehen ministroak lege proposamena aurrera ateratzeko -tory-ek 366 ordezkari lortu zituzten—. Bozketaren aurretik egindako hitzaldian batasunaren aldeko mezua luzatu du Johnsonek: "Denak batzeko eta nazio honen historian kapitulu berri bat idazteko unea iritsi da".

Parlamentuko batzordera eramango dute orain gaur onartutako lege proposamena eta, eguberrien ostean, ekingo dio azken faseari. Lorden Ganberatik pasako da indarrean sartu aurretik. Berez urtarrilaren 31rako behar luke dena prest egotea, data horretan amaitzen baita brexit-a gauzatzeko ezarritako epea. Erresuma Batua beranduenez egun horretan aterako da Europako Batasunetik. Gaur onartutako legeak espresuki jasotzen du trantsizioa 2020ko abenduaren 31tik aurrera luzatzeko debekua. Klausula berezi bat ezarri dute epe hori ez luzatzeko, izan ere, bitan luzatu da estatu kide izateari uzteko prozesua.

2016ko ekainean egin zen erreferenduma. Erresuma Batuko herritarren %51,9k baiezkoaren alde egin zuten, eta gobernuak 2017ko martxoan iragarri zuen batasunetik erretiratuko zela. Bi urteko prozesu bati ekin zion, berez aurtengo martxoaren 29an erretiratzearekin amaitu behar zuena. Erresuma Batuko Parlamentuak, baina, hirutan bozkatu zuen erretiratze negoziatuaren akordioaren aurka. Urriaren 31n amaitu behar zuen prozesua, bada, berriz luzatu zen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.