Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak urgentziaz tramitatu nahi zuen 'Brexit'-a, baina Komunen Ganberak galga jarri dio, eta ez du onartu hark proposatutako bide orria. Emaitza gazi-gozoa izan du gaur: alde batetik, akordioak lehenbiziko tramitea igaro du, Theresa May lehen ministro zenean lortu ez zuena; baina, bertzalde, diputatu gehienek ezetz erran zioten Johnsonek proposatutuako bide orriari. Hortaz, lehen ministroak «geldialdian» utzi du legedia onartzeko prozesua.
Europar Kontseilua erantzun bat ematekoa da oraindik Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak brexit-aren data gibelatzearen inguruan bidalitako eskutitzari. Johnsonek Bruselari erran dio Erresuma Batuko Parlamentuak data gibelatzeko eskatu diola, baina bera ez dagoela ados.
Zortzi egun eskas falta dira epea bukatzeko, eta «egoera ezezaguna» da oraingoa, Johnsonek berak atzo erran zuenez. Europar Kontseiluak epea luzatzeari buruz eman beharreko erantzuna eta horrek utziko dituen ondorioak dira brexit-aren prozesuan espero diren hurrengo pausoak.