Samir Rifai Jordaniako lehen ministroak eta gobernuko beste kide denek dimisioa aurkeztu diote Abdala II.a erregeari. Hark Marouf Bakhit lehen ministro ohia jarri du Rifairen karguan.
Gobernuak jatekoaren eta erregaien prezioak igo izanaz kexu dira herritarrak, eta, hori dela kausa, azken asteetan kalera atera dira maiz. Urtarrilaren 21ean, esaterako, Jordaniako hainbat hiritan milaka lagunek gobernua desegin zezala eskatu zioten Abdala II.ari.
"Benetako erreforma politikoaren prozesua hasteko pauso praktikoak, azkarrak eta nabarmenak" emateko eskatu dio erregeak lehen ministro berriari, Petra Jordaniako berri agentzia ofizialak dioenez.
Funtzionarioen, pentsiodunen eta militarren soldatak igoko dituztela iragartzea ez da nahikoa izan herritarren haserrea baretzeko, ezta oinarrizko produktuen eta erregai batzuen prezioak %6 murrizteko hartutako erabakia ere.
Ekintza Islamikoaren Fronteak eta ezkerreko taldeek antolatu dituzte manifestazioak. Rifairen eta haren gobernuaren aurkako oihuak entzun ahal izan dira hiri nagusietan. Kanporatua behar lukeen gobernu honekin herritarrak gero eta pobreagoak gara, irakur zitekeen Amman hiriburuan pankarta batean.
Ekintza Islamikoaren Fronteak legebiltzarreko behe ganbera desegiteko ere exijitu du. Haren ustez, iragan azaroko hauteskundeak ez ziren "gardenak" izan.
munDUA
Jordaniako Gobernuak dimisioa eman du, herritarren protesten ondoren
Jatekoaren eta erregaien prezioak igo izanaz kexu dira herritarrak. "Benetako erreforma politikorako pauso praktikoak, azkarrak eta nabarmenak" emateko eskatu dio erregeak lehen ministro berriari. Ekintza Islamikoaren Fronteak eta ezkerreko taldeek antolatu dituzte manifestazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu