«Jasotako tratua errefusatzeko modurik onena independentziaren aldeko botoa ematea da». Horrela mintzatu da Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia, Espainiak Kataluniarekin izan duen tratamendua kritikatuz, Amb Independencia webgunean egin dioten elkarrizketa batean. Haren hitzetan, Espainiak «orain artebezala tratatuz gero, Kataluniako independentismoa estatu osoko indartsuena izango da».
Independentziaren alde egiteko eskatu die Kataluniako herritarrei, eta gaineratu du handitzen ari den herritarren «haserrea eta engainu sentipena» kanporatzeko garaia heldu dela. Hala ere, AEBetako edota Aljeriako kasuak gogora ekarri, eta azaldu du estatu batetik bereizteko prozesua beti dela traumatikoa, «baita bakean egiten bada ere». Burujabe izateko arrazoi nagusi modura, Espainiaren barruan egonda «nahi bezalako Katalunia» ez dela bideragarria azaldu du Pujolek, eta enpresariak ere «egoera jasangaitzaz» ohartzea espero duela adierazi du.
Europako Batasuna
Behin burujabe izatera helduta EB Europako Batasunean sartzearen inguruan, Pujolek ohartarazi du Espainiak «mugimenduak» egingo dituela Katalunia EBtik kanpo uzteko, baina gakoa independentziaren aldeko gehiengoa lortzea dela nabarmendu du. Hain justu, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok abuztu amaieran onartu zuen Katalunia Espainiatik bereiztea nazioarteko arauen arabera eztabaidatu behar dela, eta bereiziz gero, automatikoki EBko kide izango ez litzatekeen arren, «negozia» daitekeela.
Edozein eratara, Pujol ziur dago EBk Kataluniaren independentzia onartuko lukeela. Haren hitzetan, «EBk arazo asko ditu orain, estatu berrien auziari heltzeko», eta «nagia» sortuko lioke Eskoziaren, Flandriaren, Euskal Herriaren edota Kataluniaren auziari heldu beharrak. Baina denborarekin onartu egingo lukeela azaldu du Pujolek, «independentzia guztiak onartzen dituen bezala».
Jordi Pujolek independentzia babesteko eskatu die herritarrei
Espainiaren barruan egonda «nahi bezalako Katalunia» ez da bideragarria, presidente ohiaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu