Katalunia

Joseba Sarrionandia, Habanatik Lledonersera

Feliu Ventura kantari valentziarrak kontzertua eman du Kataluniako espetxean, ehun lagunen aurrean. Euskal Herriko ordezkari batek Sarrionandiak ekitaldirako idatzitako testu bat irakurri du.

Kataluniako Lledoners espetxean preso dauden zazpi politikari eta ekintzaile subiranistak, artxiboko irudi batean. OMNIUM CULTURAL
2020ko urtarrilaren 31
15:21
Entzun

Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuek kontzertu berezi bat izan zuten atzo arratsaldean Lledonersko kartzelan (Herrialde Katalanak). Feliu Ventura musikari valentziarrak Convòcatoria diskoa aurkeztu zuen zuzenean, eta han izan ziren Kataluniako politikari eta ekintzaile espetxeratuak —soilik gizonezkoak daude Lledonersen—. Preso sozialak ere joan ziren emanaldira, eta ehun lagun inguru elkartu ziren denera. Euskal Herriko ordezkari bat ere izan zen han, eta Joseba Sarrionandiak espresuki ekitaldi horretarako idatzi zuen testu bat irakurri zuen, preso subiranistei eskainia.

Venturarekin batera, haren diskoan parte hartu duten hainbat idazle ere joan ziren kontzertura: Natza Farre, David Fernandez, Ozgur Gunes, Gemma Pascual eta Julia Turinya, besteak beste. Ez dituzte kantuen hiztak idatzi; testu bana idatzi dute Venturak diskoarekin batera atera duen liburuxkan. Horiez gain, Mateu Matas Xurí inprobisatzaile balearrak eta Pep Gimeno Botifarra kantariak ere hartu zuten parte.

Kontzertuan, Euskal Herriko ordezkari batek Sarrionandiak idatzitako testua irakurri zuen, preso subiranisten txalo artean. Hona testu hori:

Preso katalanei

Kartzelako harresiak zirrikiturik badu, eta mezu hau sartu ahal bada, eskerrak eman nahi dizkizuet uniformizazioa eta igualtasuna bereizten erakutsi duzuen kemenagatik

Boterea duen jendeak konfunditu egiten du denek eskubide berberak izatea denak berdin agindupekoak izatearekin. Eta nagusi den legearekin konfunditzen dute justizia, ahaztuta esklabotza legala izan zela, edo inperialismoa, eta frankismoa ere guztiz legezkoa izan zela.

Salvador Espriuk idatzi zuen katalanez: «Anitz dira gizakiak eta anitz mintzairak,/ eta izen asko egokitu zaizkio maitasun bakar bati...».

Eta horixe da gauza: asko garela, desberdinak, eta denok behar dugula, bakoitzak bere erako askatasuna. Banaka nahiz gizarte moduan, gauzak erabakitzeko gauza izan behar dugula. Ugazaba bera libreagoa da esklaborik gabe. Eta, ez katalanak bakarrik, espainolak eurak ere libreagoak dira beste herriak espainoldu beharrik gabe. 

Legeak gogor zigortzen du, legearen kontra, justiziaren alde egitea. Legea oso kontra duzue, baina justizia zeuen oso alde dago. Kartzelan zaudete, baina askatasuna ereiten ari zarete.

Aniztasunaren eta askatasun politikoen alde eginez, gainera, katalanen erabakimenaren alde eginez, mundu guztiaren alde egiten duzue. Eta horregatik bidali nahi dizkizuet eskerrak munduko beste beste punta honetatik. 

Eskerrik asko.

Bestalde, Jordi Cuixart ekintzaileak elkartasun mezu bat idatzi zuen euskal herritarrentzat; greba orokorraren egunean, «borroka partekatuen senideei» agur bat bidali zien kartzelatik. «Beti aurrera Lledonersko espetxetik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.