hauteskundeak kroazian

Josipovic eta Grabar-Kitarovic bozen bigarren itzulian lehiatuko dira

Europako Batasunean sartu ondorengo lehen boz eguna izan dute Kroazian, presidentea hautatzeko.

Kroaziako egungo presidente Ivo Josipovicen aldeko afixa bat, Zagreben. Bide zuzena hau da du lelotzat. ANTONIO BAT / EFE
2014ko abenduaren 28a
14:52
Entzun

Ivo Josipovicek %39,11ko babesa jaso du botoen %80 zenbatuta. Egungo presidente eta SDP Alderdi Sozialdemokratako hautagaia da. Kolinda Grabar-Kitarovicek, berriz, %36,73ko babesa jaso du. HDZ Kroaziako Batasun Demokratikoko hautagaia da, Atzerri ministro ohia eta NATOn karguduna. Biak ziren faborito inkestetan.

Konstituzioaren aldaketa promesa nagusitzat hartuta egin du kanpaina Josipovicek. Bide zuzena hau da leloa erabili du, eta "bigarren errepublika" aldarrikatuko duela hitzeman du. Kroazia haren eskutik sartu zen iaz Europako Batasunean, eta bide horri eutsi nahi dio, agintaldia beste bost urtez luzatzeko. Atzeralditik irteteko ezinak Josipovicen alderdiaren irudia belztu badu ere, ez dirudi beste hautagaiek itzal egin diezaioketenik. "Edalontzia erdi betea, eta ez erdi hutsa" ikusten du Kroaziako presidenteak; %0,2ko hazkundea espero baitu, sei urteko galeren ondoren. Presidenteak ez dauka ekonomia gaietan jarduteko eskumenik, baina sozialdemokraten gobernuak herritarren artean daukan sostengua erakusteko proba dira gaurko bozak—2015ean dira parlamenturakoak—.

Herrialdea modernizatzeko eta deszentralizatzeko asmoa agertu du Josipovicek. Erreforma judiziala eta murrizketak iragarri ditu administrazioan, erakunde publikoen eta kargudunen kopurua gutxitzeko. Hori egin ezean, krisi ekonomikotik irteteko modurik ez dagoela dio. Haren hitzetan, gazteak dira giltza: "1941eko eta 1991ko gatazkez tutik ere ez dakien gazte belaunaldi oso bat daukagu, kezka bakartzat lana topatzea daukana. Haiengandik ikasi nahi dut, haiekin bizi eta eraiki nahi dut etorkizun partekatu eta emankor bat".

Kontrara, diskurtso nazionalista egin du Grabar-Kitarovicek: "Immigranteek ez, guk bakarrik, kroaziarrok, gure esfortzuarekin lortuko dugu aurrera egitea, eta Kroazia dagokion tokira eramatea". Krisiaren aurrean "porrota" ez onartzea leporatu dio Josipovici. Egungo presidentearen "patriotismorik eza" eta "traizioa" ere salatu ditu, "ezkutuan" batzartu delakoan Serbiako agintariekin.

Josipovic izan da hautagai bakarra gaitzetsi egin dituena apaiz katoliko batek berriki serbiarren aurka egindako adierazpenak. Grabar-Kitarovicek, hain zuzen, Josipovic bera kritikatu du horregatik, eta "biktimen duintasuna zapaltzea" leporatu dio. Kroaziak 1995ean lortu zuen independentzia Jugoslaviatik, lau urteko gerraren ondoren. Kroaziarren eta serbiarren indarrek elkarren aurkako garbiketa etnikoa egin zuten, eta gerraren amaieran Kroaziako serbiar gehienek ihes egin zuten Serbiara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.