Asteazkenean deklaratu zuten Galdeanoren heriotza eragin izanaz akusatutako bederatziguardia zibiletatik hiruk, eta gaur gauza bera egingo dute beste hiruk. Gainontzeko hirurek astelehenean dute hitzordua, eta orduan deklaratu beharko du J.M.R. tenienteak, akusatu nagusiak. Aipatu tenientea hiru hilabetez inhabilitatu zuten iragan uztailaren 26an. Atzo, baina, sei hilabetera luzatu zioten inhabilitazioa tenienteari, eta beste zortzi agente ere sei hilabeterako inhabilitatu dituzte. Teniente horren kontrako salaketa gehiago izan dela jakinarazi zen atzo,zehazki, iragan otsailaren 24an atxilotutako gazte bati tratu txarrak emateagatik.
Guardia Zibilak Roquetas de Marren daukan egoitza pareko kafetegi bateko zerbitzaria gertakariaren lekuko izan zen. Gaur adierazi duenez, biktima "poliziei bultzaka" ikusi zuen, eta hauek "ostiko eta muturrekoka" erantzun zioten. Lekukoak gaineratu du, Galdeano "indartsua" zen arren, "polizia-gizon askok esku hartu" zutela, eta "garaile"irten zirela. Horretaz gain, azpimarratu du ez dakiela zehatz-mehatz gorputzeko zein ataletan jipoitu zuten, lurrean etzanda zegoelako, baina adierazi du inor ez zela borroka geratzen saiatu amaieran eginiko sarraskiaz konturatu ziren arte.
Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok, berriz, abiatu den ikerketaren ondorioak abuztuaren 11n jakinaraziko ditu Espainiako Kongresuan. Hasieran, abuztuaren 17 inguruan egin behar zuen agerraldia, baina aurreratzeko eskatu du.
Juan Martinez Galdeanoren aldeko elizkizunak egin ziren atzo, eta hiletaren ostean 200 lagun inguru Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean egin zuten elkarretaratzea. Guardia Zibilaren kontrako ohiuak bota zituzten bertan herritarrek.
Galdeano auto istripu baten ondotik sortutako eztabaida batengatik joan zen kuartelera, uztailaren 24an, eta hilotz atera zen handik. Guardia Zibilak lehen unean eman zuen bertsioaren arabera, alkoholemia egin nahi izan ziotenean “oldartu” egin zitzaien guardia zibilei Galdeano, eta “indarrez” aurre egitera behar zituen. Horren ondoren, “nerbio krisia” izan zuela adierazi zuten, eta hark eraginda bihotzekoak eman eta hil zela.
Autopsiak, ordea, argi utzi du nekazariak jipoi handia jasan zuela Guardia Zibilaren esku —bularrezurra hautsia zuen, barne organo asko lesionatuta, buruan kolpe ugari…—, eta haren ondorioz hil zela. Bederatziguardia zibil inputatu dituzte tratu txar horiengatik.
tratu txarrak
Juan Martinez Galdeano 40 minutuz jipoitu zuen Guardia Zibilak
Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak abuztuaren 11n egingo du agerraldia Espainiako Kongresuan Roquetas de Marreko (Andaluzia, Espainia) Guardia Zibilaren kuartelean tratu txarren ondorioz hil zen atxilotuaren kasuari buruzko azalpenak emateko. Halaber, gaur beste hiru guardia zibilek deklaratuko dute Roquetaseko lehenengo instrukzio epaitegian. Lekuko batek adierazi duenez, Guardia Zibilak emandako jipoiak 40 minutu iraun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu