Julian Assange, Wikileaksen sortzailea, Erresuma Batutik Suediara estraditatzeko eskaera onartu du Howard Riddle epaileak, Londresen izandako epaiketaren ondotik. Hiru sexu eraso eta bortxaketa bat leporatzen dizkio Suediako fiskaltzak. Assangeren aldekoek, ordea, epaiaren atzean «asmo politikoa» dagoela salatu dute, eta Wikileaksek filtratutako milaka isilpeko agiriengatik zigortu nahi dutela. Epaiari helegitea jarriko diote.
Suediatik AEBetara kanporatuko duten beldur dira Assangeren abokatuak; filtratutako dokumentu ugari hango Estatu Departamentukoak dira, eta behin baino gehiagotan ohartarazi izandute han traizioagatik espetxeratzeko edo heriotza zigorra jasotzeko arriskuan legokeela. Abokatuen arabera, Guantanamoko espetxera bidali eta han torturatzeko arriskua ere badago.
Assangeren ama ere kezkatuta agertu da Australiako AAP agentziari egindako adierazpenetan: «Daukadan beldurrik handiena da Mendebaldeko estatuak edozein lege hausteko gai direla beren herritarrei egia esan dien pertsona isilarazteko, baita mugez gaindi horretan elkarlanean aritzeko ere».
Riddle epailearen ustez, ordea, ez dago kezkatzeko arrazoirik, Suediako Justizia aski «sendoa» delako eta bidezko epaiketa egingo diotelako. AEBetan defentsak aipatutako arriskuak egonez gero ere, fiskalak esan du Suediak badituela «horrelako mehatxuen aurrean babeserako tresnak», eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak esku hartuko lukeela Assangeri «tratu ankerra edo umilgarria» emango baliote.
Defentsa, baikor
Assangeren abokatuek astebete dute orain helegitea jartzeko. Marc Stephens abokatuak esan du «baikor» dela horri begira. Auzia Erresuma Batuan argituko dela espero du, inora estraditatu behar izan gabe.
Erresuma Batuak Europako estradizio eskaera bat onartzeko baldintza da leporatutako delituak bi lekuetan, eskaera egiten duen herrialdean eta Erresuma Batuan, balio berbera izatea. Eta, kasu honetan, Assangeri egozten dizkioten sexu erasoak bietan dira zigortzen dira.
Assange iazko abenduan atxilotu zuten, Londresen, Wikileaks milaka agiri hedabideetara zabaltzen hasi eta gutxira. Estatu arteko hainbat negoziazio ezkutu bistan utzi zituzten agiri horiek, eta horrek oihartzun handia izan zuen nazioartean.
Ustez filtrazioekin zerikusirik ez duen gai batengatik epaituko dute, ordea. Bi emakumek jarritako salaketen arabera, lau aldiz eraso zien iazko abuztuan Stockholmen. Kasu batean, bortxaketa salaketa bati egin beharko dio aurre.
Bi emakume horien abokatuak esan du «lotsagarria» dela epaiketa egiteko hainbeste denbora igaro izana. «Assangek dio ez duela deliturik egin. Ez badu egin, etor dadila hona eta argitu dezala», esan du.
Abenduan bederatzi egun egin zituen espetxean, eta 240.000 liberako bermea (283.000 euro inguru) ordainduta askatu zuten, hainbat neurrirekin. Besteak beste, hainbat orduz etxean egoteko agindua eman eta eskumuturreko elektroniko bat jarri zioten, etengabe kontrolatuta egoteko. Gaur egun neurri berberekin jarraitzen du, abokatuak horiek arintzeko eskatu badu ere.
Julian Assange Suediara estraditatzea onartu du Londresko epaile batek
Wikileaks atariaren sortzailearen abokatuek epaiaren atzean «asmo politikoa» dagoela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu