Jundala (Jainkoaren Soldaduak) izeneko erakunde armatuko burua estraditatzeko eskatu dio Iranek Pakistani. Herenegun Sistan- Balutxistanen izandako atentatuaren egiletza aitortu du Pakistango talde horrek. Era berean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko zerbitzu sekretuak zigortzeko neurriak hartuko dituela iragarri du Teheranek; ekintzaile taldeari entrenamendu militarra eman izana leporatzen die haiei.
Irango hego-ekialdean, Pakistanekiko mugan, dagoen Sistan-Balutxistan eskualdean 42 lagun hil ziren herenegun, ekintzaile suizida batek egindako erasoaren ondorioz. Kirolgune batean bildutako 600 lagunen artean bere burua zartarazi zuen ekintzaileak. Biktimen artean pasdaran milizietako (Iraultzaren Zaindariak) sei buruzagi zeuden. Herenegun, atentatua gertatu eta ordu gutxira, AEBekin eta Erresuma Batuarekin loturak zituzten «atzerriko elementuei» egotzi zieten erantzukizuna. Baina atzo ohartarazi zuten hartuko dituzten neurrien inguruan.
«Eskuratu ditugun frogagehiagok agerian utzi dute igandeko eraso terroristak badituela AEBetako, Erresuma Batuko eta Pakistango zerbitzu sekretuekin artean loturak», adierazi du Mohammad Ali Jafari jeneralak. Haren arabera, estatuotako zerbitzu sekretuek babesa ematen diote ekintza Jundala izeneko taldeari. «Hori hala, haiek zigortzeko neurriak hartuko ditugu».
Jundala (Jainkoaren Soldaduak) erakunde armatu sunitak bere gain hartu du Pishin hirian izandako erasoa. Atentatuarekin Irango agintariek Sistan-Balutxistango zibilen kontra egindako erasoei erantzun nahi zietela zabaldu zuen taldeak, atzo, Interneten zabaldutako mezu baten bidez. «Aurten bertan Gobernuak Balutxistango ehunka biztanle hil ditu, erasoetan edo torturapean; balutxak eta sunitak izatea zen haiek heriotza merezi izateko arrazoi bakarra», zehazten zuen web gune batean jasotako dokumentuak. Talde armatuaren agiriak jakinarazten zuen, halaber, erasoa burutu duen ekintzaile suizidaren izena Abdel Uahed Mohammadi Sarauani zela eta hau Iranen menpeko Balutxistango Sarauan herriko bizilaguna zela. Alabaina, Balutxistanen beste zati bat Pakistanen menpe dago. Hori hala,Teheranek akusazio larriak egin ditu Islamabaden kontra.
Bide horretatik, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek adierazi du: «Talde terrorista horretako kide batzuk Pakistanen egotea onartezina da eta bertako Gobernuak ahalegin guztiak egin behar ditu gaizkile horiek guztiakatxilotzeko eta zigortzeko». Horren harira, Pakistanen menpeko Balutxistanen ustez gerizatuta dagoen ekintzaileen buruzagi Abdolmalek Righi estraditatzeko eskatu dio Teheranek Islamabadi. Erakunde armatuko kideei babesa emateaz gain, Pakistango zerbitzu sekretuek lagundu egiten dietela ziurtatu du Ahmadinejadek. «Jakin dugu Pakistango zerbitzu sekretuetako arduradun batzuek eraso terroristak egin dituztenekin eskuz esku dabiltzala. Hori hala, zerbitzu sekretuetako kide horiek ere gure esku jarri daitezen zilegizkoa dela iritzi diogu», gehitu du presidenteak.
Pakistanek gezurtatu egin du
Ali Khamenei Irango buruzagi erlijiosoak, bere aldetik, atentatuaren egileek «munduko zapaltzaile nagusiaren» laguntza izan dutela salatu du. Horrekin, AEBei egin die erreferentzia. Pakistango presidente Asif Ali Zardarik, anartean, telefonozdeitu dio Ahmadinejadi, Islamabadek talde armatuarekin inolako loturarik ez daukala irmo ziurtatzeko. Pishingo «eraso basatia» salatu ondoren, Zardarik gogorarazi dio Irango presidenteari Pakistanek gogor diharduela terroristen kontra. Hain zuzen, Pakistango armadak Afganistanekiko mugan dagoen Hego Waziristanen erasoaldi handi bati ekin zion larunbatean. Oldarraldiaren hirugarren egunean 78 taliban hil direla eta buruzagiak setiatuta daudela ziurtatu duAthar Abbas jeneralak.
Jundala taldeko burua bere esku uzteko eskatu dio Iranek Pakistani
Erakunde sunita armatu horrek bere gain hartu du herenegun Sistan-Balutxistanen izandako atentatua; 42 lagun hil ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu